EQUO Berdeak alderdiaren ustez Pagasarri mendiaren -Bizkaia- babesak Supersur errepidearen zabalkuntzaren mehatxupean jarraitzen du

  • Ekologistak Martxan alderdiak Bizkaiko mendigunearen Plan Bereziaren garapen osoa sustatzeko egindako presakako eskaerarekin bat egiten du alderdi berdeak

EQUO Berdeak alderdiaren ustez Pagasarri Mendiaren Plan Berezia 2008an onartu zenetik ez da aurrerapenik egin edo oso aurrerapen txikiak egin dira inguru hori eta bertako balio paisajistiko eta naturalak babestu, kontserbatu eta indartzeko. Hamarkada bat galdu da, bertako landaredia berreskuratuko dela, fauna babestuko dela eta biodibertsitate-galera geldiaraziko dela bermatzeko erabat nahikoak ez diren ekintza puntualak besterik ez baitira egin.

Baina eremu hori babesteko neurriei dagokienez aurrerantz ez egiteaz gain, alderdi berdearen ustez atzerapausoa eman da, ez-betetze ugari izan direlako. Naturagunerik ahulenei eta, beraz, bertan bizi den faunari ez zaie jaramonik egin; legez kontrako isurketak egitea uzten jarraitzen dute inolako zigorrik ezarri gabe, eta eremu horretan ibilgailu motordunen etengabeko joan-etorria ez da kontrolatzen.

Eguneroko mehatxu horiei orain Supersur errepidearen zabalkuntza gaineratzen zaie; Foru Aldundiaren proiektu premiagabeko, zentzugabe eta suntsitzailea da, Bolintxu errekaren ibilguan erabateko eragina izango duena, hain zuzen ere Bilboko udalerriari geratzen zaion eremurik kalteberena eta hobekien kontserbatuta dagoena.

Horregatik, Ekologistak Martxan alderdiak Bilboko Udalari Pagasarri mendiaren Plan Bereziaren garapen osoa sustatzeko egindako presakako eskaerarekin bat egiten du alderdi berdeak. 10 urte onartuta baina egikaritu gabe daramatzan Plana betetzea da auzia. Horrez gain, EQUO Berdeak alderdiak Aldundiari eskatzen dio Bilboko alboko udalerrietan Pagasarri mendia babes dezala, Supersur errepidearen zabalkuntza sustatzerakoan mendigune horren suntsipenaren buru izan ordez.

Elkarrekin Podemos koalizioko EQUO Berdeak taldeko legebiltzarkide Jose Ramon Becerrak lehendik, legebiltzar-batzordean, Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasuneko zinegotzi Inés Ibáñez de Maeztu andreari adierazi zion erabat harrituta eta kezkatuta zegoela Pasagarriko Planaren kudeaketarengatik. Udal-arduradunak onartu zuen hainbat lan egin gabe zeudela eta egikaritzea “konplexua” zela, udaleko hainbat zinegotzigo eta arlo hartzen zituelako barnean.