Donostiako gida turistiko berriak ahaztu egin ditu hainbat auzo

  • Irabazi Donostiak salatu duenez ez dira agertzen honako auzo hauek: Intxaurrondo, Bidebieta, Herrera, Altza, Loiola edo Martutene.

Irabazi Donostiako (Ezker Anitza-IU, Equo eta independenteek osatutako plataforma) udal-taldeko zinegotziek, partzialtzat eta zehazgabetzat jo dute Donostiako auzoen gida turistiko berria, atzo Turismoko udal-elkarteak azaldu zuen gida berria.  Tresna turistiko horretan ez dira agertzen honako auzo hauek: Intxaurrondo, Bidebieta, Herrera, Altza, Loiola edo Martutene, eta gainera egiazkoa ez den informazioa ematen da.

Koalizioarentzat auzo horiek ez agertzeak argi eta garbi adierazten du “PNV eta PSEren Udal Gobernuak duen konpromisorik eza hiri osoa, hiriaren historia eta garapena ezagutzera emateko”. Gidan ahaztutako auzoak Donostiaren eguneroko bizitzaren oso zati garrantzitsua osatzen dute; auzo guztietan daude eremu naturalak, eraikitako espazio bereziak, edo paseatzeko parke eta lorategiak (Harria, Lau Haizeta, Ametzagaina, Uliako mintegiak, ur-depositoak), bai eta herriko denda ugariz osatutako aukera zabala, ostalaritza-establezimenduak eta kultur-eskaintza aberatsa ere.  “Ez dugu ulertzen PNV eta PSEren Udal Gobernuak zergatik ezkutatzen dien bisitariei hiriaren oso zati garrantzitsu bat. Kontraesan handi bat da Udal Gobernuak hainbestetan adierazten duen hiri deszentralizatuaren ideiarekin. Zona horiek dinamizatzeko laguntzarik ere ez da ematen horrela”, adierazi dute Irabaziko ordezkariek.

Koalizioan EQUO Berdeak taldeak duen zinegotzi Loïc Alejandrok kritikatu egin du gida horren “zorroztasun eza”, gidan baieztapen faltsuak egiten baitira, adibidez hiriko auzorik gazteena Gros dela, Gros eta Erdigunea auzo zaharkituenak direnean. “Gauza bat da bisitarientzako gida turistiko ‘erakargarria’ egitea, eta oso bestelakoa benetako datuak ‘faltsutzea’, gehitu du.

Era berean, Irabazi Donostiako zinegotziak adierazi du mapa turistiko hori egiteko “modu partizipatibo eta inklusiboago bat” izango zela zona bakoitzeko auzotarrei galdetzea beren auzoko zer elementu nahi dituzten balioan jarri mapa turistiko batean. “Erakarmen turistikoa planteatzeko modu berritzaile bat izango litzateke, herritarren eta bisitatzen gaituztenen arteko elkarrizketa bat”.