UdalBerri – Bilbao en Común udal-taldeak Eraikinen Ikuskapen Teknikoek eskainitako informazioa gehiago aprobetxatzea nahi du
Koalizioak etxebizitza-parkearen egoera sakonetik ebaluatzea eskatzen du birgaikuntzarako diru-laguntzen programetarako politikak berrorientatzeko
Ahal Dugu, Ezker Anitza–IU eta Equo Berdeak taldeek osatutako koalizioak Gobernu Taldeari eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari lagun diezaiola jada erregistratuta dauden Eraikinen Ikuskapen Teknikoek eskainitako ezagutza aprobetxatu eta sistematizatzen.
Martxoko osoko bilkuran, udal-talde honek defendatuko du Bilboko etxebizitza-parke eraikiaren egoera sakonetik ebaluatzea, eraikuntza-patologia ohikoenen ezaugarriak zehazteko. Informazio horrekin, eraikinak birgaitzeko eta eraikuntza-kalitatea hobetzeko eskatutako jardunen zabalkunderako neurriak ezartzea eskatzen du UdalBerrik, etxebizitza-jabeentzat eredugarri edo bide-erakusle izan daitezen. Horrek, diru-laguntzen programetarako politika publikoak berrorientatzea ekarriko luke, dagoeneko ikuskatua dagoen parke eraikiaren benetako premietara egokitu eta haren hobekuntza dinamizatzeko elementu gisa baliatu ahal izateko.
Udalberrik eskatutako agerraldi bati esker jakin izan genuen zein den 50 urtetik gorako etxebizitzetan Eraikinen Ikuskapen Teknikoaren betetze-maila eta emaitzek informazio baliagarria ematen dutela. UdalBerriko bozeramaileak, Carmen Muñoz-ek, adierazi duenez “gure ustez ebaluazio-txosten bat egin beharko litzateke eraikitako parkearen egoera orokorraren eta eraikuntza-urteen eta tipologiaren araberako patologia eta gabezia ohikoenen inguruan. Horrek guztiak balio lezake eraikinen zaharberritze eta hobekuntza sustatzeko udal-neurriak sortzeko, akats hedatuenetarako edo jabeentzat kostu handiegia dakarten akatsetarako”.