8M*: gure babes osoa eskaintzen diogu 24 orduko laneko, zainketako eta kontsumitzeko greba feministari

  • EQUO Berdeak taldeko hautetsiek ekimen politikoak aurkeztu dituzte berdintasun-politikak, sexu-jazarpena edo indarkeria matxista bezalako gai garrantzitsuak agendan sartzeko

Alderdi berdeak erakunde eta mugimendu feministen errebindikazioekin bat egiten du eta guztiz babesten du datorren ostegunean, martxoaren 8an, egingo den greba. Horrekin loturik,  EQUOk politika eraginkorragoak eskatzen ditu emakumeek jasan behar duten desparekotasuna desagerrarazteko.

Soldata-arrakaletik hasi eta indarkeria matxistaraino, asko eta asko dira gizartean oraindik jasaten ditugun desparekotasunak, eta horien aurka lan egin beharra dago erakundeetatik ere.

Euskal erakundeetan hainbat koaliziotan dauden EQUO Berdeak taldeko hautetsiek ekimen ugari aurkeztu dituzte agenda politikoan honakoak bezain gai garrantzitsuak txertatzeko: sexu-jazarpena, eraso matxistak, hainbat eremutan emakumeek jasan behar duten diskriminazioa, bereziki kirol-eremukoa, trantsizio energetikoa genero-ikuspegitik abiatuta edo genero-ikuspegia duten udal-aurrekontuak, beste hainbat gairen artean.

Hain zuzen ere berdintasuna da gure alderdiaren ezaugarrietako bat, bai bere idearioan, baita bere kargu organikoetan ere, non berdintasuna benetakoa den eta 50 plus gisako irizpideak aplikatzen diren, kobozeramailetza partekatutik hasi eta Batzorde Betearazle Federalera eta lurralde-mahaietara iritsi arte.

Era berean, EQUO Emakumeak sarea oso aktiboki aritu da parte hartzen greba honen antolamenduan, gurean lanean ari diren lan-taldeen bitartez.

<Gu gelditzen bagara, mundua geldituko da>

EQUO Emakume Sareak babesa eskaini dio datorren martxoaren 8rako mugimendu feministak deitu duen greba orokorrari. Iaz babestu genuen, lehenbiziko deialdian, eta aurten berriz ere babesa emango diogu, gure lurraldean eta estatuan eratutako lantaldeetan aktiboki parte hartuz. Halaber, EQUO Emakume Sareko kideok erabaki dugu, guztion artean adostu ondoren, Mugimendu Feministak planteatutako grebarekin bat egitea eta greba sustatu eta babestea.

Deialdiarekin bat egiteko arrazoi ugari dauzkagu, emakumeok bizirik egon nahi dugulako, lan prekarioak eta ordainsari txikiagoak jasotzeaz nazkatuta gaudelako, gure askatasun eta eskubideak ziurtatzeko politikak nahi ditugulako, gure duintasunaren alde.

Ordaindutako lana duten emakumeek egin dezaketen lan-grebaz gainera, emakumeok greba egingo dugu, halaber, etxeko eremuaren barruan eta ordaindu gabeko eta ugalketako lanaren eremuan, lan horren zama handiena gure bizkar gainean geratzen delako oraindik ere, inolako aitortzarik eta konpentsaziorik jaso gabe gainera. Hezkuntza-eremuaren barruan ere ikasle-greba izango da, eta ekonomia-mailan, berriz, kontsumo-greba. Azken hori bereziki esanguratsua da guretzat, produkzio-eredu kapitalistaren eta politika ekonomiko neoliberalen aurka gaudela nabarmentzeko lagungarri den heinean.

M8ko Batzordeko orri ofizialean kontsulta daitezke greba modurik eraginkorrenean gauzatzeko gomendioak.

Emakume guztiak gonbidatzen ditugu martxoaren 8ko izaera erreibindikatzailea eta funtsezko espiritua berreskuratzera. Genero-desberdintasunaren eta emakumeen aurkako gorroto-delituen salaketan jarri beharko litzateke arretagune nagusia urteko egun seinalatu horretan. Hala ere, gero eta sarriagotan ikusten dugu sistemak gune hori neutralizatzeko joera duela, merkatuan xurgatuz eta sentsibilitate kritikorik gabeko jaialdi baten parean jarriz. Greba gure espazioaz birjabetzeko eta haren eduki-hustuketa saihesteko modu bat da, erresistentziako, gizartea kontzientziatzeko, sororitateko eta borroka kolektiboko modu bat. Eta gure NAHIKOA DA! oihua ere bada. Emakume izateagatik matxismorik, bortxaketarik eta erailketa gehiagorik ez! Uko egiten diogu gaizki tratatzen gaituen patriarkatuaren baitan produzitu, ugaldu eta kontsumitzeari.