Gure zinegotzi eta Irabazi-Ganemos Eibar udal-taldearen bozeramaile María Jesús Aguirreren proposamenari erantzunez, Ohiko Osoko Bilkurak udal-aurrekontuetan genero-ikuspegia txertatzea onartu du.
“Erakundeek indarrean dagoen desparekotasuna aitortzea eskatzen du proposamen horrek, baita baliabide publikoak hura desagerraraztera bideratzea ere” adierazi du Aguirrek.
Zinegotziak eskatzen du baliabideen esleipena begirada kritiko batetik berrikus dadila, emakume eta gizonen gaineko inpaktuetan egon litezkeen aldeak bilatuz, politika publikoek ahalik eta eraginkortasunik handiena izan dezaten genero-berdintasunaren helburuan.
Genero-ekitatean eta -berdintasunean aurrera egitea da proposamen honen helburua, eta horretarako Udalak sakoneko gogoeta-dinamika bat sortu behar du berdintasunaren inguruan, eta horrez gain, baliabide ekonomikoak esleitzeko prozeduretan aldaketak abiarazi behar ditu, genero-ikuspegia aintzat hartuz udal-zinegotzigo guztietan eta aurrekontuak egiteko fase guztietan.
Proposamena onartuta:
- Kanpoko ebaluazio-txosten independente bat egitea, 2014tik 2018ra aldiko udal-aurrekontuak genero-ikuspegitik sakonetik aztertuz. Hala, 2019ko aurrekontuetarako hobekuntza-oinarriak sortuko lirateke.
- Udal-aurrekontuak egiteko prozesuan genero-ikuspegia metodologikoki sartzea, fase guztietan (planifikazioa, inplementazioa eta ebaluazioa) txertatuz udal-sail guztietan.
- Genero-ikuspegia duten aurrekontuei buruzko prestakuntza- eta sentsibilizazio-plana diseinatzea, udal-sailetan aurrekontuen ardura duten langile guztientzat.