-
EQUO Berdeak alderdiak Elkarrekin Podemosen duen legebiltzarkide Jose Ramon Becerrak Petronorreko ordezkarien agerraldia eskatu du enpresaren etorkizuneko planen berri eman dezaten, Lopez Atxurraren eskutik gutun bat jaso ondoren, non elkarrizketa eta adostasunaren aldeko jarrera helarazi dion.
EQUO Berdeak alderdiak proposatu du epe ertain-laburrean hainbat krisi globalen eraginpean gera daitezkeen sektore jakin batzuen etorkizunaren gaineko gogoeta-prozesu bat hastea, azken batean sektore horien birmoldaketari aurrea hartzeko. Ildo horretan, alderdi ekologistak planteatu du lehenik eta behin oil & gas sektorearen etorkizuna aztertzea, jasangarritasunaren eta efizientziaren alde egiten duten europar findegiek bakarrik izango dituztelako epe ertainean irekita jarraitzeko aukerak.
Euskadin, sektore horretan duguen enpresa garrantzitsuenak, Petronorrek, okerreko funtzionamenduaren seinale argiak eman ditu azken hilabeteetan, programatu gabe 11 aldiz gelditu delako (programatu gabeko 70 geldialdi guztira azken bi urteetan). Behin eta berriz hutsegite horrek arazoak daudela uzten du agerian, eta Muskizko plantaren etorkizuna kolokan dago une honetan. Egoera hori gutxienez kezkagarria dela esan dezakegu, zuzeneko eta zeharkako enpleguen artean Petronorrek ia 2.000 pertsonari ematen dielako lana. “Beharrezkoa da birmoldaketari heltzea, ahalik eta traumarik txikiena eragin dezan”, adierazi dute alderdi ekologistako kideek.
EQUO Berdeak alderdiak Elkarrekin Podemosen duen legebiltzarkide Jose Ramon Becerrak lehenagotik ere egin du sektorea birmoldatzeko eskaera hori, legebiltzarrean egindako agerraldietan. Izan ere, mezu horien ostean, Petronorreko presidenteak gutun bat bidali dio legebiltzarkide berdeari, non Lopez Atxurrak elkarrizketarako eta adostasunerako prest dagoela adierazi dion, Muskizeko instalazioak bisitatzera gonbidatzeaz gainera. “Lankidetzaren aldeko jarrera garden hori eskertzekoa da, baina harritzekoa ere bai, Petronorreko presidentea Legebiltzarrean agertzeko egin nuen lehen eskaerak ezezkoa jaso zuelako. Jarrera-aldaketa hori ikusirik, berriz ere eskatu diot Eusko Legebiltzarrera etor dadin, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako Batzordearen aurrean hitz egiteko” zehaztu du Becerrak agerraldi-eskaera erregistratu ondoren.