EQUO Berdeak alderdiak salatu duenez, Gasteizko uholdeen aurkako obrak berriz ere atzera litezke, oraingo honetan 2027ra arte

  • Eusko Jaurlaritzaren komunikazio baten arabera, hegoaldeko Batan eta Zapardiel erreketako obra hidrauliko horiek 2021etik 2027ra bitarte egikarituko dira, eta horrek esan nahi du beste atzerapen bat izango dela eta URA agentziak eta Udalak sinatutako Esparru Akordioa bete gabe geratuko dela.
  • Bestetik, Gasteizko Udalak bereari eusten dio, hau da, 2020rako obrei helduko zaiela ziurtatzen du, hori bai, oso arrakasta-probabilitate urriak dauzkan laguntza europar baten baldintzapean jarrita.

 

EQUO Berdeak alderdiak salatu duenez, Gasteizko uholdeen aurkako obrak berriz ere atzera litezke, oraingo honetan 2027ra arte. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailaren komunikazio idatzi baten arabera, obrak “2021etik 2027ra bitarte egikarituko direla aurreikusten da”. Sailak iragarri duen atzerapen berri horrek kezka eragin du alderdi ekologistako kideen artean, eraginpeko eremuetan eragin litzakeen ingurumen-, ekonomia- eta gizarte-inpaktuak direla-eta, eta, horrez gain, agerian uzten du Gasteizko Udala egiazkoak ez diren egikaritze-epe batzuk ‘saldu’ nahian dabilela. Izan ere, epe horiek berretsi egin dituzte, EQUO Berdeak alderdiak Irabazin duen zinegotzi Oscar Fernándezi eskainitako azalpen idatzian, non berriz ere dioten “obra horiek eta Zadorra ibaiaren IV. fasekoak 2020. urtean amaituko direla, sinatutako Akordioaren arabera”.

Eusko Jaurlaritzaren eta Gasteizko Gobernu-taldearen arteko kontraesan nabari horiek agerian uzten dute Urtaran alkatearen Kabinetearen aldetik ez dagoela benetako konpromiso bat proiektu hori aurrera eramateko. Abenduan Larragorri parkea sortzeko ekimena aurkeztu zuen prentsaurrekoan, eta, haren hitzetan, “konponbide naturala eta jasangarria izango da, urez eta floraz hornitua eta hegoaldeko ibaien uholdeak saihesteko aukera emango duena, Salburukoen antzeko laminazio-baltsak sortuz”; alabaina, aurkeztutako marrazki eta oinarriez aparte ez da inolako aurrerapenik egin.

Gainera, bi erakunde horiek, jardunak 2019ra aurreratu ahal izateko, Urban Innovative Actions (UIA) lehiaketaren deialdiaren gain utzi dute obra horien finantziazioa, ondo dakiten aurren Europar Batasunaren oniritzia lortzeko aukerak urriak direla, lehiaketa horretara hainbat eta hainbat proiektu aurkezten direla kontuan hartuta.

Oscar Fernández zinegotzi berdeak batzordeari aurkeztuko dizkio Eusko Jaurlaritzak atzerapenari buruz emandako datu horiek guztiak. “Eusko Jaurlaritzak eta URA agentziak Gasteizekiko erakutsi duten axolagabekeriaren erruz metatzen ari garen atzerapenez gain, orain esaten digute Hegoaldeko Eraztun Berdea, alkateak ozenki saldutako proiektua, eta Batango eta Zapardielgo erreken uholdeak babesteko obrak, 2027ra arte atzeratuko direla. Adar-jotze baten aurrean gaude, eta horregatik alkateari azalpenak eskatuko dizkiogu. Bada garaia Eusko Jaurlaritzak Gasteiz gutxiesteari utzi diezaion”, adierazi du Fernándezek.