EQUO Berdeak alderdiak gaitzetsi egin du Eusko Jaurlaritzak Armentia-2 gas-putzuaren tramitazioarekin aurrera egitea

  • EQUO Berdeak alderdiaren ustez erabaki hori ingurumen-alorreko neurrigabekeria da, arrisku ekonomiko eta sozial handiak dakartzalako berekin, haren errentagarritasuna frogatuko lukeen bideragarritasun ekonomikoari buruzko azterlanik ez baita egin orain artean.
  • Alderdi berdeak gogora ekarri duenez, Eusko Jaurlaritza bakarrik dago proiektu horretan, Arabako erakunde zein herritarrak hidrokarburoen erauzketaren aurka azaldu direlako dagoeneko.

EQUO Berdeak alderdiak gaitzetsi egin du Eusko Jaurlaritzak Gasteizko udalerriko Armentia-2 gas-putzuaren tramitazioarekin aurrera jarraitzea. Gaur eguerdian, Euskadiko Hidrokarburo Baltzua ABk (SHESA) eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) Eusko Legebiltzarrean azaldu dute Ingurumen Ministerioari aurkeztutako proiektuaren ingurumen-inpaktuko azterlana. Apustua bertan behera utzi beharrean, proiektuari babesa berretsi diote. EQUO Berdeak alderdiaren ustez, erabaki hori neurrigabekeria da hiru mailatan: ingurumen-alorrean, eta ekonomiarentzat eta gizartearentzat dakartzan arriskuengatik, kontuan hartzen bada proiektuarekin batera ez dela errentagarritasuna frogatuko lukeen bideragarritasun ekonomikoari buruzko azterlanik egin, eta, hori gutxi balitz, 27 milioi euroko kostua suposatzen duelako.

Alderdi ekologistaren ustez hobe litzateke 27 milioi horiek, gasaren sektore zaharkitu eta desfasatuan erabili beharrean, berriztagarrietan —energia hori askoz ere merkeagoa dela frogatu delako— eta energia-aurrezpenean aurrera egitean erabiltzea.

Gainera, kopurua ez da horretan geratuko. Ustiategi hori abiapuntua baino ez delako, Arabako Lautadan gasa erauzteko aurreikusita dagoen askoz ere makroproiektu handiago baten esparruan. Kostuak eta inpaktuak izugarri ugalduko ditu, eta Arabako Lautadako lehen sektorearen erabateko hondamena ekar lezake berekin.

Orain gutxi EEEko zuzendaria gasaren alde azaldu da, energia-trantsizioan energia lagungarria dela esanez, eta EQUO Berdeak alderdiak kezkagarritzat jo ditu adierazpen horiek. Baieztapen hori Eusko Jaurlaritzak klima-aldaketaren aurka borrokatzeko sinatutako konpromisoen aurka doalako. Parisko Akordioaren aurka adibidez, non erregai fosil gehiagorik ez erauzteko beharra ezarri den munduko batez besteko tenperatura 2ºC baino askoz ere gehiago gutxitzeko industria aurreko mailen aldean. Eusko Jaurlaritza da Euskadin gaur egun dugun energia-mendekotasunaren erantzule nagusia, eta, horregatik, dirua xahutzen duten proiektuen alde egiteari utzi behar dio etorkizunaren, energia berriztagarrien, eta energia-aurrezpen eta energia-efizientziaren alde egiteko.