EQUO Berdeak alderdiak ohartarazten du Mirandatik Logroñora bitarte abiadura handia ezartzeak Arabako Errioxako ekonomiari kalte egingo diola

  • Mahastiak, paisaia eta kultura-ondarea suntsituko lirateke, ardogileen eta turismoaren kaltetan, ezinbestean

Sustapen Ministerioak zenbait alternatiba darabiltza eskuartean Arabako Errioxako lurraldea bitan zatituko lukeen abiadura handiko lineari dagokionez, eta EQUO Berdeak alderdiak berriz ere adierazi nahi du alternatiba horien guztien kontra dagoela.

Gaur, otsailaren 6a, asteartea, Ekonomiaren Garapeneko sailburuak Eusko Legebiltzarrean agerraldia egingo du Logroño eta Miranda de Ebro artean abiadura handiko trenak izan litzakeen trazatuen inguruan azalpenak emateko, eta, agerraldi horrekin bat etorriz, orain arte egindako azterlanen guztiz kontra dagoela adierazi nahi du alderdi ekologistak.

EQUO Berdeak alderdiaren ustetan, azkenean proiektua gauzatuko balitz, Arabako Errioxako ekonomiari oso kalte handia egingo lioke. Mahastiak, paisaia eta kultura-ondarea suntsituko lirateke, eta horrek ondorio larriak ekarriko lituzke ardo-sektorearentzat eta jarduera horri lotutako turismoarentzat. “Ardogileak izan ziren alarma jo zuten lehenak, astakeriatzat jo zuten aukera horren berri izan bezain laster. Galbidea izan liteke haientzat”, azpimarratu du Erika Martínez bozeramaileak.

Alderdi berdea kezkatuta azaldu da, halaber, Miranda-Logroño tarteak ingurumenarentzat ekar ditzakeen kalteak direla-eta. Ministerioak eskuartean darabiltzan alternatibek bitan zatituko lukete Arabako eskualdea eta eskualde hori kokatua dagoen lurraldea, “eremu babestu bat, gure ustez horrelako azpiegitura bat jasan ezin dezakeena”, adierazi du Ramón Sánchez alderdi ekologistako kobozeramaileak, eta bide batez nabarmendu nahi izan du aztergai dagoen trazatuetako batek Zanbrana herria itxi egingo lukeela, trenbidearen eta 124. errepidearen artean.

Alderdi berdearen ustez, Abiadura Handiko Trenaren linea hori ez da beharrezkoa, inondik inora. EQUO Berdeak alderdiak aurrera ez eramatea espero du, eta ministerioari eskatzen dio egun Miranda eta Castejón lotzen dituen lineak eskaintzen dituen aukerak azter ditzala. Beste linea bat egin beharrean, lehendik zegoena molda liteke, hirugarren hariaren bitartez nazioarteko bide-zabalera sartuz.

José Ramón Becerra alderdi berdeak Elkarrekin Podemosen duen legebiltzarkideak iritzi horiek guztiak emango ditu aditzera gaur arratsaldean, sailburuaren agerraldia hartuko duen legebiltzar-batzordearen esparruan. “Abiadura Handiko Trena zer den argi eta garbi uzten du linea horrek: egundoko inpaktu negatiboa pertsonentzat eta ingurumenarentzat, bidean suntsitzen dituen eskualdeei inolako mesede egin gabe”, Becerrak aurreratu duenez.