- Konstituzio Auzitegiak euskal legearen zenbait artikulu baliogabetzeko hartutako erabakiaren ondorioz teknika hori erabiltzeko Euskadin zabaldutako bidearen aurrean, haustura hidraulikoak dakartzan arrisku larriak gogorarazi ditu alderdi berdeak
Konstituzioaren aurkakotzat hartzeagatik frackingaren euskal legeko zenbait artikulu baliogabetuz Konstituzio Auzitegiak hartutako erabakiak eragin dion atsekabea adierazi du EQUO Berdeak taldeak. Aurreko epaietan –hala nola Kantabriakoan edo Errioxakoan– ezarritako doktrina aplikatu du goi-auzitegiak, eta eman duen irizpenak bide bat zabaltzen du Euskadin arlo ekonomikoan, sozialean eta ingurumen-arloan hain kaltegarria den teknika hori erabiltzeko.
Posibilitate hori dela-eta, frackingaren erabilerari behin betiko uko egin diezaiola eskatu dio EQUO Berdeak Eusko Jaurlaritzari. Haustura hidraulikoaren aurkako bere konpromisoa berretsi dezala eskatu dio alderdi berdeak Urkulluren exekutiboari. Eskatu dio ez dezala teknika hori berreskuratzea birplanteatu gasa bilatzeko, Konstituzio Auzitegiaren epaia gorabehera. “Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantza Tapiak 2016-2030 aldiko Energiaren Euskal Estrategia aurkeztean iragarri zuenez, Euskadik ez zuen frackinga gehiago erabiliko gasa ateratzeko. Nolabaiteko kezka eragiten digu Auzitegiaren erabaki horren ondorioz Eusko Jaurlaritza ez ote den tentaldian eroriko eta teknika hori erabiltzea berriz pentsatzen hasiko. Horrekin lotuta, epaiak atsekabea eragin diola adierazi du gobernuak komunikatu batean, baina ondoren epaia onartzen duela azpimarratu du”, EQUO Berdeak taldeko kobozeramaile Erika Martinezek adierazi duenez.
Teknika polemiko horrek dakartzan ondorio larriak gogorarazi ditu alderdi ekologistak. Gero eta gehiago dira teknologia horrek baliabide hidrikoen eta airearen poluzioaren ondorioz giza osasunarentzat dituen kalteak eta arriskuak frogatzen dituzten azterlan zientifikoak. Alderdi berdeak, Unidos Podemos koalizioan duen diputatu Rosa Martinezen bidez aurkeztu zuen lehendik ere Kongresuan lege-proposamen bat haustura hidraulikoko prozesuen bidezko hidrokarburoen erauzketa eta ikerketa-lanak debekatzeko, Rajoyren gobernuak azkenean betoa jarri ziolarik.
Bestalde, Konstituzio Auzitegiaren epaiak Euskadiko autogobernuan aurrera egiteko premia uzten du agerian, zalantzan jartzen baitu ingurumena babesteko alorrean euskal eskumenek arautzeko duten gaitasuna. “Konstituzio Auzitegiak ez ditu aitortzen Euskadiren eskumenak frackinga erabiltzeko baldintzak ezartzeko. EQUO Berdeak taldetik beti defendatu izan dugu autogobernua ez dela soilik gai identitarioak aztertzera mugatu behar, eta esparru sozial, ekonomiko eta ingurune-arlokoak ere hartu behar dituela barnean. Horrela, kasu honetan, frackingaren aurkako legea babesteko bildu ziren 100.000 sinadurak gorabehera, Konstituzio Auzitegiak kontuan izan ez dituen euskal herritarren eskubideak eta borondatea babestuta gera daitezela lortu nahi dugu”, EQUO Berdeak taldeko kobozeramaile Ramón Sanchezek adierazi duenez.
Azkenik, alderdi berdeak ahalegin handiagoak eskatu dizkio berriz ere Eusko Jaurlaritzari energia garbi eta berriztagarrietan oinarritutako ekonomia baten inguruan ikertu eta ekonomia hori bultzatzeko, gasa eta antzeko energia fosilak ikertzen eta ustiatzen jarraitzeko erakusten duen jarrerarekin kontrajarrita.