Irabazik Barakaldoko lehen Animalien Babes eta Edukitze Ordenantza aurkeztu du. Ezkerreko koalizioak aurkeztu dio zirriborroa EAJri. Testuak azkeneko 30 urteetan egondako araudi aldaketak bildu eta orain arte zegoen ordenantza gaurkotu du. Animaliak erabiltzen dituzten ikuskizunen debekua, HEA metodoa, osasun-helbururik ez duten ebakuntzak edota mutilazioak debekatzea eta larri zauritutako kale-animalien larrialdietako albaitari-laguntza arautzen ditu, besteak beste.
Irabazik Barakaldoko lehen Animalien Babes eta Edukitze Ordenantza aurkeztu dio astearte honetan gobernu taldeari. Zirriborroak azkeneko 27 urteetan egondako araudi aldaketak jaso ditu, animalien beharrak eta sufrimenduaren inguruko kontzientzia soziala kontuan hartuz.
Ramon Sanchezen, esanetan, “ordenantza etikan oinarritutako erreminta juridikoa da; animalien babesa eta edukitzea bermatzen du, beti ere, udal esparrura egokituta”. Ezker Anitza-IU, EQUO-Berdeak eta Independenteez osatutako koalizioko zinegotziak azpimarratu duenez, “tresna erabilgarri, eraginkor eta azkarra izango dugu animalien edukitzarekin zerikusia duten arloetan lan egiteko”. Sanchezen ustez, ordenantzaren helburu nagusia da jabetza arduratsua eta etxeko animalien babesa sustatzea; baita tratu txarrak, krudeltasuna, mina, sufrimendua, laguntza eta atentzio eza edo itoaldia ekiditea ere”. “Izan ere, ordenantza horrek animalien babesa aurreikusten du lehendabiziko aldiz”, adierazi du zinegotziak.
Araudia lau ardatzetan oinarritzen da; animaliei emandako tratua sentitzen duten izakiak diren heinean, tratu txarren eta abandonuaren kontrako borroka, herritar-bizikidetasuna eta diru publikoaren aurezkia.
NEURRIAK
Ordenantzak animalien tratu-txarrak edo “gauza bihurtzea” onartzen dituzten ikuskizunak debekatzen ditu; zirkua edo bigantxak, esaterako. “Era horretan, Osoko Bilkurak 2011n hartutako konpromezua barneratzen du; animaliei tratu etikoa emateko mozioa, hain zuzen”, esan du Sanchezek.
“Etxeko-animalien gehiegizko populazioa kontrolatzeko era ezin da hilketa izan, horrek biktimak gizakion akatsengatik eta abandonuengatik zigortzea suposatzen baitu”. Ardura handiagoa izan behar da etxeko-animalia bat hartzen denean. Hortxe dago koska, baita esterilizazioaren bitartez nahi gabeko kumaldiak ekiditean ere”, gaineratu du.
Ordenantzaren arabera, animalia bat harrapatzen duten ibilgailuen gidariek udal agintariei lehen bait lehen esan beharko diete. Horrez gain, osasun-helbururik ez duten ebakuntzak edota mutilazioak debekatu dira; buztana moztea edota hortzak zein atzazalak erauztea, esaterako.
Galdutako edo kalean utzitako animaliak zauririk izanez gero, bildu bezain laster artatuak izango dira. “Tratu txarrak jasan dituztenek ez zazkie jabeei itzuliko”, adierazi du Sanchezek. Horrez gain, debekatuta egongo da animalia bat 30 minutu baino gehiagoz ibilgailu baten barruan uztea eta, inondik inora ere, kanpoaldeko tenperatura 25ºC baino altuagoa baldin bada.
Zirriborroak salduak izango diren animaliak erakusleihoetan jartzea debekatzen du. Horrez gain, dendek ezin izango dituzte hiru hilabete baino gutxiagoko katuak zein txakurrak saldu edo eman. Adopzioa ahalbidetzeko esterilizatuta egotea derrigorrezkoa izango da.
Azkenik, Sanchezek txakurren, katuen eta hudoen identifikazioaren garrantzia azpimarratu du. “Identifikazioa animali galduak errekuperatzeko erremintarik eraginkorrenetakoa da. Horrez gain, abandonua eta tratu txarrak kontrolatzeko era aproposa da, baita diru publikoaren aurrezkia ere”, gaineratu du.