EQUO Berdeak alderdiaren ustez, Klima Aldaketaren zentroa Zubietako erraustegitik 300 metrora eraikitzea iritzi publikoari barre egitea da

  • Euskadin hondakinen alorrean egiten diren politikak, nazioartean klima-aldaketaren aurka borrokatzeko ezarrita dauden helburuen aurka doaz

EQUO Berdeak alderdiaren ustez, José Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumeneko foru-diputatuak eta Ernesto Gasco Donostiako Udalaren Ekonomia Bultzatzeko zinegotziak Klima Aldaketaren Zentroa Zubietako Eskuzaitzeta industrialdean kokatzeari dagokionez iragarri berri duten akordioa iritzi publikoari, hau da, euskal herritarrei, barre egitea da.

Alderdi berdearen ustez, berotze globalaren kalteak neurtzeko eraikin hori eraikitzeak ez du ez hankarik ez bururik, ia-ia sarkasmo bat dela esan daiteke, handik 300 metro eskasera egunero hondakinak erraustuko direla —Euskadiko klima-aldaketan gehien eragiten duten jardueretako bat— aintzat hartuta.

EQUO Berdeak alderdiaren ustez, kontraesana erabatekoa da. Euskadin hondakinen alorrean garatzen diren politikak nazioartean ezarrita dauden helburuen aurka doaz. “Zubietako erraustegia Euskadiko CO2 emisioen bosgarren gune handiena izango da, Zabalgarbi bigarrena izanik Petronor-en atzetik, eta instalazio horiek Euskadin indarrean daude EAJk eta PSEk hala erabaki dutelako. Orain alderdi horiek Gipuzkoako herritarren milioika euro xahutuko dituzte —aurten bakarrik, 800.000 euroko partida bat esleitu da zentro berria eraikitzeko lanei aurre egiteko, eta horri 2017an ingurumen-politikak garatzeko jarritako 700.000 euroak erantsi behar zaizkio—; aldi berean, ordea, izugarri kutsatzen duten instalazioak mantentzen dituzte, klima-aldaketaren eta berotze globalaren aurka borrokatzeko nazioarteko helburuen aurka. Zentzugabea da”, adierazi du Ramón Sánchez EQUO Berdeak alderdiko bozeramaileak.

Asensiok eta Gascok esandakoen arabera, eraikinaren barruan “energia-trantsiziorako eremu bat izango da, baita ekonomia zirkularra bultzatzeko atal bat ere”. Asmo horiek are ulergaitzagoak dira alderdi berdearentzat, “hondakinak erraustea ekonomia zirkularraren aurka doalako erabat, harekin guztiz bateraezina da. “PSEk eta EAJk iritzi publikoaren aurrean zuritzeko sustatu dute zentro hau, itxurakeria hutsa da”, adierazi du Erika Martínez kobozeramaileak.

EQUO Berdeak alderdiak gaineratu duenez, joan den maiatzean bi alderdiek, hau da, EAJk eta PSEk, kontrako botoa eman zioten José Ramón Becerra EQUO Berdeak alderdiak Elkarrekin Podemosen duen legebiltzarkideak ekonomia zirkularraren alde defendatu zuen proposamenari. Eusko Legebiltzarraren Osoko Bilkuran Becerrak proposatu zuen euskal industria hondakinak murriztuz, berrerabiliz eta birziklatuz modernizatzea, eta jeltzale eta sozialisten ezezkoa jaso zuen.