Irabazi Eibar taldeko gure zinegotzi Maria Jesus Aguirrek Mekola 4 (Vildosola Txaleta) eraikin enblematikoarentzat Eibarko Udalak erabaki duen amaiera tristea kritikatu du, eraikina eraistea agindu baitu. Beste galera handi bat da hori Eibarko arkitektura-ondarerako, ezaugarri bereziak dituen eraikina baita antzinatasunari, diseinuari eta multzo-harmoniari dagokienez, eta hori horrela, kontserbatu eta babestu beharrekoa. Irabazik faltan hartu ditu gobernu-taldearen ahalegin gehiago eta inplikazio handiagoa eraispena saihesteko. Arkitekto handi baten lana zen eraikina, Urbano de Manchobas arkitektoarena, hain zuzen ere; eskualde osoko arkitekto-proiektugile handietako bat dugu, eta horregatik ezaguna.
Txalet hori Musika-etxe bihurtzeko proposamena egin zuen bere garaian Irabazik, Portalean aldi berean pilatzen diren jardueren kopuru handiegia arintzeko. Zoritxarrez, planteamendu hori ez zen Gobernuaren gustuko izan, eta gaurtik aurrera eraikina desagertu da betirako.
Irabazik uste du, gainera, berriz ere herritarrek zer dioten entzuteko eta herritarrak udal-kudeaketaren partaide egiteko aukera alferrik galdu dela, udalak iragarritako herritarrek parte hartzeko prozesua ez baita garatu. “Mekolako eta Arrate bideko auzotarrek ez dakite oraindik txaletak hartzen zuen lursaila zertarako izango den”, kritikatu du Irabazi taldeko bozeramaile Maria Jesus Aguirrek.
Bestalde, Irabazi pozik dago nahi ez zen eraispen horrek eragingo duen ondorioa dela-eta: izapideak arindu egingo dira hain beharrezkoa den igogailua (edo igogailuak) jartzeko tren-geltokiaren gaineko pasealekua Arrate biderekin lotzeko. “Horixe da talde politiko honek ikusten duen alderdi positibo bakarra eraispen justifikaziorik gabeko eta arbitrario horren aurrean”, esan du Aguirrek amaitzeko.