Gasteizko udal-eraikinetan energia-eraginkortasuneko inbertsioen aurrekontua % 90 murriztu izana salatzen dugu

  • Oscar Fernándezek gogora ekarri du Udalak 18 milioi euroko energia-faktura duela, eta, hala ere, Gobernuak ez duela ezer egiten aurrezteko.

Oscar Fernández EQUO Berdeak alderdiak Irabazi Gasteiz plataforman duen zinegotziak salatu duenez, Gasteizko Udal Gobernuak ez du euro bat ere inbertituko hiriko eraikinen energia-eraginkortasuna hobetzeko, ezta haietan energia berriztagarriak ezartzeko ere. Irabazi Gasteizek jakin duenez, Tokiko Gobernu Batzordeak onartutako konpromiso-kredituak aldatzean, zentro eta lokaletarako inbertsioen partida % 90 murriztu da.

Udalak 1.180.000 euroko partida bat dauka zentro eta lokaletarako inbertsioetarako, eta kopuru hori nahikoa da hiri-eraikin batzuetan energia-eraginkortasuna hobetzeko erreformei heltzeko. Alabaina, partida hori % 90 murriztu da, 150.000 euroraino, Gobernuak konpromiso-kredituen aldaketa onartu ondoren. Gainera, 2016an, aurrekontu-akordioaren ostean, Irabazik Energia Berriztagarrien partida bat sartu zuen aurrekontuan, 2018ko ekitaldi honetarako, konpromiso-kredituen bitartez, 1.000.000 euroko kopurua aintzat hartzen zuena. Partida horrek ere murrizketak izan ditu. Hortaz, ezinezkoa da partida horien bitartez garrantzizko inbertsioak egikaritzea, eta ezin izango da aurreztu ez kontsumitutako energian ez udal-faktura elektrikoan.

Oscar Fernández zinegotziak azpimarratu duenez, udalaren urteko energia-faktura 18 milioi euro da, bigarren faktura handiena hondakinen bilketako eta kale-garbiketako kontratuaren ondoren. Fernándezek ziurtatu du Gobernu honek udal-eraikinen energia-eraginkortasunean egin duen inbertsio berri bakarra Gamarran biomasa-galdara bat ezarri izana izan dela, IRABAZIk sartutako partida bati esker . “Gainerako konpromiso guztiak desagertu dira, Gobernu honekiko dugun konfiantza desagertu den bezala”, adierazi du zinegotzi berdeak.