Urtegia hustearen ondorioz Zadorra ibaian uholdeak prebenitzeko obretan gertatu diren ez-betetzeen inguruan galdetu dugu

  • José Ramón Becerra Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak, URAk eta Udalak 2012. urteaz geroztik sinatutako hitzarmenei, haien xedeari eta erakunde hartzaile bakoitzak jasotako kopuruei buruzko informazio-eskaera bat erregistratu du.
  • Seguruenik, uholdeen eraginpean egon ohi diren eremuak kinka berean egongo dira beste behin, uholdeak saihesteko esparru-hitzarmena sinatu duten erakundeek hitzarmena betetzean izandako atzerapenen ondorioz.

Urtero bezala, Zadorra ibaiak gainezka egin du urtegia hustearen ondorioz, eta hori kalteak eragiten ari da laborantza-lurretan, bertakoei beste hainbat eragozpen eragiteaz gainera. Izan ere, hainbat bizilagun etxean sartzeko ezinean ere aurkitzen dira, eta errepideak moztu egin behar izaten dituzte Iruña Okako udalerrietako eta Gasteiz inguruko eremu jakin batzuetan. Egoera horiek saihesteko URAk eta Gasteizko Udalak 2012an sinatutako Esparru Hitzarmenaren jardun batzuk bete gabe daude oraindik ere  (esan dezakegu urte hauetan garrantzizko inbertsio bakar bat gauzatu dela, hain zuzen ere Gamarraren eta Alegria ibaiaren arteko I. Fasea). Hori dela-eta, José Ramón Becerra EQUO Berdeak alderdiak Elkarrekin Podemosen duen legebiltzarkideak urtegia husteak eragindako kalteak prebenitzeko obren bilakaerari buruzko informazio-eskaera bat erregistratu du Eusko Legebiltzarraren Mahaian. 2012az geroztik sinatutako hitzarmenei, haren xedeei eta erakunde hartzaile bakoitzak jasotako kopuruei buruzko datuak eskatzen ditu.

Lehenagotik ere alderdi berdeak hainbat aldiz salatu du URA-Uraren Euskal Agentziak Esparru Akordioa bete ez izana. Hitzarmen horren indarraldia 2020an amaituko da, eta Abetxukoren eta Gamarraren arteko II. fasea, Gobeoren eta Krispijanaren arteko IV. Fasea eta Hegoaldeko ibaien uholdeak prebenitzeko obrak egikaritu gabe daude oraindik ere. Sinatutako hitzarmenak gorabehera, Eusko Jaurlaritzak ingurumenarekiko, eta bereziki, Zadorra ibaiarekiko, erakutsitako konpromisoa ia-ia nulua dela esan dezakegu. Milioika euro inbertitzen dituzte bigarren mailako obra eta proiektuetan, baina bitartean, Ingurumen Sailak ez du ezer jakin nahi ez Zadorrak gainezka egiteak dakartzan arazoen inguruan ez ibaiaren egoera ekologiko egokia ziurtatzeko egin beharrekoaren inguruan.

Euskalmetek iragarri duenez, hilabete hau euritsua izateko probabilitatea handia da. Horren eraginez, urtegia berriz ere hustuko da. Mendietan metatutako elurra urtuko da, eta hori ibaiaren ur-etorriari gaineratuko zaio. Horrenbestez, orain arte arinak izan diren uholdeak areagotzeko arriskua egon liteke, baldin eta ura askatzen bada segundoko 50-60 metro kubikotik gorako erritmoan. Seguruenik, uholdeen eraginpean egon ohi diren eremuak kinka berean egongo dira beste behin, uholdeak saihesteko esparru-hitzarmena sinatu duten erakundeek hitzarmena betetzean izandako atzerapenen ondorioz. “Beste behin agerian geratzen da ingurumen-inbertsioei ez zaiela inoiz lehentasuna ematen. Araututako jardunetan izandako atzerapenen ondorioz uholdeak gertatzen dira behin eta berriz, eta horrek hainbat arazo dakartza eraginpean hartutako herritarrentzat, laborantza-lurrei eta errepideei eragindako kalteez gain”, adierazi du José Ramón Becerrak.