EQUO Berdeak alderdiak berriz ere dio salgaien garraioa errepideetatik trenbidera lekualdatzea premiazkoa dela

  • Alderdi berdeak gaitzetsi egin du gobernu zentralak Euskadiko salgaien trenbide bidezko garraioari eman beharreko irtenbideak geroratu izana, ez baitu proiekturik aurkeztu ezta aurrekonturik edo eperik ezarri ere.
  • Sustapen Ministerioak, eskualdeak eta landa-guneak komunikatzeko, berriz ere lehentasuna ematen dio abiadura handiari aldirien edo konbentzionala den trenbidearen kalterako

 

Sustapen ministro Íñigo de la Sernak Euskadirako eta Nafarroarako abiadura handiaren proiektuak aurkeztu ondoren, EQUO Berdeak alderdiak atsekabez hartu du salgaien trenbide bidezko garraioarentzako irtenbideak geroratzea, ez baitu proiekturik aurkeztu ezta aurrekonturik edo eperik ezarri ere. De la Sernak soilik adierazi du “konpromiso-maila erabatekoa dela” nazioarteko zabaleran salgaien eta bidaiarien trenbide-trafiko mistoa lortzeko, eta ez du inolako zehaztasunik eman. Ezagutzen ziren alternatibei, egungo linea konbentzionalaren erreforma bati edo hirugarren bide bati buruz hitz egin du, besterik ez.

Alderdi ekologistak adierazi du presa handia dagoela euskal errepideak gainezka dituen kamioi-bolumena murrizteko eta garraio hori trenbidera lekualdatzeko, era horretan emisio kutsatzaileak murriztuz, Europak eskatzen duen moduan.

Gobernu zentralak arazo hori bigarren maila batean uzten du berriz ere abiadura handian oinarritzeko, kostu ekonomiko eta sozial handia duen eta herritar guztientzat eskura ez dagoen tren horretan egin beharreko inbertsioei lehentasuna emanez, aldirien edo konbentzionala den trenbidearen kalterako, azken hori eskualdeak eta landa-guneak lotzeko benetan erabilgarriena izan arren.

Argi geratu da berriz ere eraikuntza-enpresen interesak gizartearen interesen eta ekonomia- eta ingurumen-interesen aurretik jartzen direla. “Gainera, Sustapen Ministerioa aztertzen ari diren alternatibek obra gehiago egitea, ingurumen-inpaktu handiagoa eragitea, landa-lursail gehiago okupatu eta suntsitzea eta diru publiko gehiago xahutzea dakarte”, adierazi du EQUO Berdeak alderdiko kide eta Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide José Ramón Becerrak.

Becerrak atsekabez hartu du Eusko Jaurlaritzak Sustapen Ministerioaren erabakia ontzat eman izana, eta Eusko Legebiltzarrean gai horri buruzko azalpenak eskatuko ditu