- Ehunka pertsona elikatzeko moduko ekitaldi bat antolatuko genuke, bestela zaborretara botako genituzkeen janariak baliatuz.
- Ekimenak dagoeneko arrakasta handia lortu du beste hainbat hiritan, besteak beste Londresen, Parisen, Dublinen, Manchesterren edo Zaragozan.
Oscar Fernández EQUO Berdeak-ek Irabazi Gasteiz-en duen zinegotziak prentsaurrekoan aurkeztu du osoko bilkurara eramango duen mozioa, elikagaiak alferrik ez galtzeari buruzkoa. Udalari dei egiten zaio, elikagaien estrategiaren agente eta elkarteekin elkarlanean, elikagaiak alferrik ez galtzearen aurkako ekimenekin bat egin dezan, eta, zehazkiago, herri-bazkari bat egitea proposatzen zaio, bestela zaborretara botako ziratekeen elikagaiak baliatuz. Hondakintzat jotako janari horri eman dakiokeen erabilera nabarmendu nahi da horrela.
Garapen Jasangarriko Helburuei dagokienez Nazio Batuek ezarritako ildo beretik, ekimen horrekin lortu nahi da 2030erako munduan pertsona bakoitzeko alferrik galtzen diren elikagaiak erdira murriztea txikizkako salmentan eta kontsumitzaileen artean, eta produkzio- eta hornidura-kateetan ere elikagaien galerak murriztea, uztaren ondoko galerak barne. Asko dira errealitate horri aurre egiteko lanean jarri diren hiriak, herritarrak kontzientziatuz elikagaiak alferrik ez galtzearen garrantziaren inguruan.
feedbackglobal.org erakundeak sustatutako FEEDING izeneko kanpaina da arrakastatsuenetako bat. Ekitaldi bakoitzean, mozioak proposatutako herri-ekimena antolatzen da, bestela alferrik galduko ziratekeen elikagaiak baliatuz. Lehen ekitaldia Londresen egin zen, 2009. urtean. Harrezkero hainbat ekitaldi antolatu dira mundu osoan, besteak beste Parisen, Dublinen, Manchesterren, New Yorken, Sidneyen, Amsterdamen edo Bruselan. Gertuen dugun esperientzia Zaragozak egin zuen, 2013an.
Formula horri jarraikiz toki-komunitateei inplikatzeko deia egiten zaie, boluntariotzaren bidez edo bertaratuz. Publikoak ere Elikagaiak Alferrik ez Galtzeko Konpromisoa sina dezake, alferrik galdutako elikagaiak murrizteko konpromisoa hartuz eta enpresa eta erakundeei gauza bera egin dezatela eskatuz.
IRABAZIko (IU/EQUO) kideok uste dugu horrelako estrategiak guztiz bat datozela Gasteizko Nekazaritzako Elikagaien Estrategiarekin eta Arabako etorkizuneko hondakinen Planarekin. Gainera, elikagai hurbilagoak arduraz kontsumitzearen aldeko gizarte-mugimendu bat abian da dagoeneko.