Oscar Fernandez: “Urtaran alkateak egungo arazoak ahaztu eta fikziozko etorkizuna aurkezten du Gasteizentzat”

  • EQUO Berdeak taldeko zinegotzi eta Irabazi Gasteiz koalizioko bozeramaileak “hauteskunde aurreko propagandatzat” jo du Gasteizko gobernu-taldeak gaur goizean Artiumen egindako aurkezpena
  • Fernandezen ustez, “Gorka Urtaran alkatearen diskurtso etsigarriak Gasteizen bizi diren pertsonen alde lan egiteko duen borondate hutsala berresten du”

Irabazi barruko EQUO Berdeak taldeko zinegotzi Oscar Fernandezek “hauteskunde aurreko propagandatzat” jo du alkateak gaur goizean Artiumen egindako aurkezpena. Fernandezen ustez, “udal-gobernuaren bakardadea islatzen du diskurtsoak. Gobernuak ez du inolako borondaterik Gasteizen bizi diren pertsonen alde lan egiteko”. “Urtaranek jendeari jaramonik egin gabe jarraitzen du, eta alkate-makila eman zioten alderdi politikoekin ezer adosteko aukerak suntsituz, inork nahi ez dituen proiektu batzuk hartzen baititu bere jardunaren ardatz.

 Okerrena da pertsonak eta egungo arazoak ahazten dituela. Errealitate paralelo batean bizi da gure alkatea, ez da egiazko Gasteiz ikusteko gai”, zinegotziak adierazi duenez. Fernandez oso etsita geratu da ideia hutsez betetako alkatearen aurkezpena ikustean, Erdialdea MasterPlanean barne hartutakoen oso antzeko proposamenak biltzen baititu, hau da, duela aste batzuk aldez aurretik aurkeztutako planarenak. Gehiengo absolutua balu bezala jarraitzen du gobernatzen udal-gobernuak. Irabaziren ustez, kargua hartu zirenetik bi urte eta erdi bete diren honetan, alkateak ez du ulertu proiektuak aurrera ateratzeko akordioak behar dituela.

Urtaranek Gasteizentzat oso garrantzitsuak diren erronkak ahaztu ditu bere diskurtsoan, hala nola enplegu berdea sortzea, industriaren trantsizio ekologikoa, gure energia-ereduaren eraldaketa edo politika feministen premia. Bere politiken gabezia horiek argi islatzen duten alkate jeltzaleak “agortutako eredu baten aldeko apustua egiten jarraitzen duela, pertsonentzat oso kaltegarria den eredu baten alde, azken urteetan ikusi izan denez”.