-
Elkarrekin Podemoseko EQUO taldeko diputatu Rosa Martínezek Daniel Navia Estatu idazkaria interpelatuko du bihar Kongresuan mega-azpiegiturari buruz
-
“Martxan dauden egungo interkonexio-proiektuen kostua beharrezkoak ez diren azpiegituren beste kasu bat bihur daiteke, Castor proiektua izan zen bezalaxe”, Martínezek ohartarazi duenez
Diputatu berde eta EQUO taldeko kobozeramaile Rosa Martinezek Daniel Navia Estatu idazkaria interpelatuko du bihar Kongresuko Energia Batzordean Frantziarekin interkonexio elektrikoak indartzeko premiari buruz. EQUO taldeko kobozeramaile eta Elkarrekin Podemoseko diputatuak Bizkaiko Golkoan proiektatutako itsaspeko mega-azpiegituraren eraikuntza justifikatzen duten txosten ekonomiko eta teknikoak erreklamatuko ditu, hau da, itsaspeko kableen 278 kilometro gehi lehorreko beste 80 biltzen dituen azpiegiturarena, Gatikan (Bizkaia) dagoen konbertsio-estazioa eta Cubnezais-ko estazioa –Frantziako Akitaniako eskualdean, Bordeletik hurbil, dagoena– elkartu nahian. “Energia Ministerioak gardentasuna eman behar die nahitaez horrelako mega-azpiegiturei, eta lurraldean inpaktu handia eta kostu ekonomiko halaber handia duen proiektu honek ez dauka gardentasunik”, kritikatu du Rosa Martínezek.
Diputatuak jakin nahi du zertan oinarritzen den Gobernua urtean 1.200 milioi euroan kalkulatzeko gaur egun herrialdeak pairatzen duen gainkostua egungo interkonexio-maila izateagatik. “Nadal ministroak sarritan errepikatu du Espainiak urtean 1.200 milioi euroko gainkostua duela Europako Kontseiluak aholkatutakoaren azpitiko konexioa izateagatik. Baina adierazpen horiek ez dute horrelako interkonexioei ekiteko funtsezko alderdiak definitzen dituen dokumentazioaren bermerik izan, alderdi horien artean aipatzekoak direlarik, besteak beste, segurtasuna sendotzeko eta hornidura elektrikoaren jarraitutasuna gure herrialdeak duen instalatutako gainahalmenarekin ahalbidetzeko ustezko ekarpena”, Martínezek adierazi duenez.
Arratsaldeko batzorde parlamentarioan aztertuko diren gaien artean, Gobernuaren teknikariek egindako simulazioen inguruan galdetuko dio Martínezek Estatu idazkariari, diputatuak duen informazioaren arabera Frantziarekin konexio gehiago egitea ez dela komeni uste baitute teknikariek, ikuspuntu ekonomikotik begiratuta. “Martxan dauden egungo interkonexio-proiektuen kostua beharrezkoak ez diren azpiegituren beste kasu bat bihur daiteke, Castor proiektua izan zen bezalaxe”, Martínezek ohartarazi duenez.
Gaur egun, kontsulta-fasean dago proiektu hau eta 2024-2025 aldirako martxan jartzea aurreikusten da.