- Halaber, 112 zuzenketa partzial aurkeztu ditugu hainbat arlotan: enpleguan, berdintasunean, gizarte-zerbitzuetan edo hiri-mugikortasunean
- Gure ustez gehiegizkoak diren edo lehentasunezkoak ez diren beste partida batzuk murriztea proposatu dugu, hala nola Tabakalerako gastu korrontea, Donostia Turismoa eta Donostiako Sustapena sozietateei egindako ekarpena, bidaia-gastuak, gonbidapenak, opariak, eta publizitatea eta propaganda
Irabazi Donostiatik EAJren eta PSEren Udal Gobernuaren aurrekontuen osoko zuzenketa bat aurkeztu dugu, gobernu-taldeak helarazitako kontu-proiektua ez baitator bat donostiarren premiekin. “EAJ-PSE alderdien aurrekontu hauek gabonetako loteriaren antzekoak dira: ‘ilusioa sortzeko’ pentsatuta daude, baina pertsonen kezka garrantzitsuenak alde batera uzten dituzte benetan”, adierazi dute koalizioko zinegotziek.
Era berean, beste 112 zuzenketa partzial ere aurkeztu dira.
Besteak beste, Irabazik zera proposatu du, 4 milioi euro bideratzea Udalak berak kudeatuko duen enplegu-plana sortzeko, baita Prebentzio, Haurrak eta Familia zerbitzuan langile gehiago hartzea ere, 350.000 eurorekin.
Berdintasunaren arloan, hirian prostituzioari eta emakumeen salerosketari buruzko azterketa bat egiteko 50.000 euro bideratzea proposatu du, eta Emakumeen Etxea handitzeko 100.000 euro bideratzea, besteak beste.
Gizarte Zerbitzuen arloan, ‘Housing First’ programarekin jarraitzearen alde egiten dute, “gure hirian kalean lo egiten duen jendea badagoelako oraindik”; eta Abegi harrera-etxeak familientzako larrialdiko ostatu izateari utzi eta beste aukera bat lortzeko 100.000 euro bideratzea proposatu dute. Udal-tasak ordaintzeko diru-laguntzen partida ere handitu nahi dute. “Etxez etxeko laguntza-zerbitzuari dagokionez, ez dirudi oso zentzuzkoa denik eskaera handiagoa lortu nahi izatea eta, aldi berean, aurrekontua murriztea; hortaz, partida horri 100.000 euro gehitu dizkiogu”, adierazi du Irabazi Donostian dugun zinegotzi Löic Alejandrok.
Garapenerako lankidetzari dagokionez, Irabazik lankidetza-proiektuetarako diru-laguntzen partidan 1.504.765 euro gehiago jarri nahi ditu, betiere aurrekontu bateratuaren % 0,7ko helburura iristearren.
Euskararen arloan, euskara ikasteko diru-laguntza gehiago eman nahi dituzte; hiri-mugikortasunari dagokionez, besteak beste, Carlos I.a kalean radar bat jartzea (40.000 euro) eta Herrera eta Intxaurrondo lotzen dituen San Antonio galtzadan igogailu bat jartzeko aukera aztertzea (50.000 euro) proposatu dute; Bide Publikoen arloan, batzorde teknikoak aztertutako haur-parkeetarako 100.000 euro bideratzea proposatu du Irabazik, eta beste 60.000 euro hiriko zubiak aldizka berrikusteko, “Astiñenen gertatu dena berriro gerta ez dadin”.
Herritarren Partaidetzaren barruan, Irabazik udal-aurrekontutik 100.000 euro bideratuko lituzke auzoetan Udalinfo bulegoak jartzeko guneak prestatzeko.
Era berean, bizitegitarako eraikinetan eta etxebizitzetan energia-birgaitzerako partidari beste milioi bat euro gehitzea proposatu du. “Halaber, gure ustez gehiegizkoak diren edo lehentasunezkoak ez diren beste partida batzuk murriztea proposatu dugu, hala nola Tabakalerako gastu korrontea, Donostia Turismoa eta Donostiako Sustapena sozietateei egindako ekarpena, bidaia-gastuak, gonbidapenak, opariak, eta publizitatea eta propaganda”.