- “Tenperaturaren jaitsierak hain nabarmenak diren egun hauetan zerbitzu hori oso mesedegarria izango litzateke jende askorentzat”, azpimarratu du María Jesús Aguirrek
Irabazi Eibarrek eskualdean, Ipuruako Monasterioan, aterpetxe bat jartzeko asmoz aurkeztutako mozioa ezetsi ondoren, koalizioaren bozeramaileak salatu du borondate politikorik ez izatearen ondorioz ez dela aterpetxea irekiko. “Asko sentitzen dugu premiazko eta beharrezkoa den gai bat, eta are gehiago negutik hurbil gaudela izaten ari garen egun hotz hauetan, atzeratzen aritzea borondate politikorik ez dagoelako. Tamalgarria da etxegabeek aire zabalean igaro behar izatea gauak”, adierazi du Aguirrek.
Zinegotziak berriro iradoki die Eibarko Udaleko talde politikoei, eta bereziki EAJri eta EH Bilduri, (bi alderdi horiek baitaude Irabazi Eibarrek egindako proposamenaren aldekoen) berriro azter dezatela Ipuruako monasterioa egokitzeko aukera, eta, ondoren, alokairu-erregimenean, pertsona behartsuei aterpea emateko leku bihurtzea, aldi baterako behintzat. “Oraingoz ez dago beste aukera bideragarririk. Gure ustez arduragabekeria da aukera hau ez onartzea eta pertsona horiek kalean uztea. Horregatik errepikatzen dugu berriro gure proposamena eta Udalak emandako ezetza berraztertzeaz gain, gure ekimenari aukera bat ematea nahi dugu”, adierazi du Aguirrek.
Irabazik proposatu duen okupazio-formula honako hau da: hileko edo hiruhileko alokairua ezartzea eta komentuan egokitzapen txikiak egitea, “betiere monasterioko gelen, jantokiaren, harreraren eta baratzeen antolamenduan oinarrituta, erabiltzaileei ingurune atsegina eskaintzearren”.
Aterpetxea irekitzea eta martxan jartzea eskualde osoko premia izanik, egokitzeko obren eta langileen kalkulua eskualdeko beste udalekin partekatu beharko litzateke, haiei ere egingo baitie mesede zerbitzuak.