• Irabazi Donostiak aurkeztutako mozioaren bitartez, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu prebentzio-plan bat jar dezala abian, Donostiako Altza auzoan amiantoak kutsatutako eremuetan jardun duten pertsonentzat.
Altza auzoan amiantoak kutsatutako eremuei buruz egindako azterlanek aditzera eman dutenez, material hori ageri da Oleta ikastetxe publikoko zenbait lorategitan eta auzoko baratze komunitarioetan. Kutsatutako eremuetako bat haur-hezkuntzako eta lehen hezkuntzako ikastetxe bat denez, gure ustez Eusko Jaurlaritzak, hezkuntza-alorrean eskumenduna izaki, bere gain hartu behar du pertsonen osasuna babesteko jarduteko erantzukizuna, “bereziki haurrentzat kaltegarri izan daitekeelako, eta kontuan harturik, halaber, kutsadura horretatik eratorritako gaixotasunak urte asko geroago nabarmentzen direla”, zehaztu du Loïc Alejandro koalizioko zinegotziak. Horregatik, Eusko Jaurlaritzari eskatu diogu, Irabazi Donostiak aurkeztutako mozioaren bitartez, prebentzio-plan bat jar dezala abian Donostiako Altza auzoan amiantoak kutsatutako eremuetan jardun duten pertsonentzat.
Eusko Jaurlaritzari eskaera hori egiteaz gainera, EAJren eta PSEren udal-gobernuari ere zenbait galdera egingo dizkiogu Altzako amiantoarekin loturik. “Gure ustez oso larria da Udal Gobernuak, auzoko baratze komunitarioetan amiantoa badagoela jakinik, baratze horien erabiltzaileei behar bezalako erantzunik eman ez izana, haietan lanean jarraitzea segurua den edo ez jakiteko aukera izan dezaten”, adierazi du Alejandrok.
Zinegotziaren ustez, Altzan amiantoak kutsatutako eremu gehiago ba ote dagoen jakiteko egiten ari diren lanak eta probak ez dira nahikoak, laginak asfaltatu edo estali gabeko eremuetara mugatuko direlako. Alejandrok azpimarratu du material hori oso arriskutsua dela, eta horregatik, “behar-beharrezkoa dela gai horri kontu handiz heltzea, alarmismoan erori gabe baina ahalik eta ardura handienarekin jokatuz”.