Irabazi Donosti taldearen bitartez, Donostiako Udal Gobernuaren etxebizitza turistikoei buruzko Ordenantzarako 24 zuzenketa aurkeztu ditugu guztira.
Guztiek bi helburu dituzte funtsean:
Alde batetik, etxebizitzaren gizarte-funtzioari eutsi nahi zaio. Aurtengo etxebizitza-kanpainan adierazi denez, “etxebizitzak bizitzeko dira”, eta horrek izan behar du etxebizitzen funtzio edo erabilera nagusia.
Bestetik, argi eta garbi bereizi nahi ditugu etxebizitza turistikoen hirigintza-erabilera (etxebizitzak erabilera turistikorako modu iraunkorrean alokairuan jartzea) eta noizean behin alokatzen dituztenen ohiko bizileku diren etxebizitzen hirigintza-erabilera.
Azken etxebizitza horiek bizi-proiektu bat garatzea ahalbidetuko duten bizileku iraunkorrak izateko gizarte-helburua betetzen jarraitzen dute, eta bateragarriak dira noizean behin osorik edo partzialki alokatzeko aukerarekin.
Proposatutako zonakatzeari dagokionez, eremu saturatu gisa proposatutako lekua ez da nahikoa gure ustez (Alde Zaharra, ekialdeko zabalgunea barnean hartu gabe). Horregatik, eremu saturatua udal-gobernuak B eremu gisa kalifikatutako auzo guztietara zabaltzea proposatzen dugu, eta, beraz, ekialdeko zabalgunea, Gros, Antigua, Erdialdea eta Amara (Pio XII.aren plazaraino) sartuko lirateke.
“Udal-gobernua garaiz dago bere iritzia berriz planteatzeko, eta gure zuzenketak onartzea espero dugu, gutxi batzuen espekulazio-interesak bultzatu ordez interes orokorra eta herritarren atsedena eta ongizatea zaintzea baitute helburu”, adierazi du Loïc Alejandrok.