Irabazi Donostiak Osoko Bilkuraren erregelamendu organikoaren aldaketa proposatzen du, herritarrek udal-batzordeen informazioa eskuratzeko aukera izan dezaten.
Irabazi Donostia udal-taldeak (Ezker Anitza-IUk, Equok eta independenteek osatutako plataforma) Osoko Bilkuraren Erregelamendu organikoa aldatzeko proposamen bat aurkeztu du, herritarrek udal-batzordeen informazioa eskuratzeko aukera izan dezaten ahalbidetzeko.
Udal-taldeak jakinarazi duenez, Osoko Bilkuraren Erregelamendu Orokorraren arabera, udal-kudeaketaren gaiak aztertzen dituzten udal-batzorde sektorialak ez dira jendaurrekoak, nahiz eta erregelamenduak ongi egiaztatutako hedabideak bilkuretara bertaratzeko baimena ematen duen, baita batzorde bakoitzeko presidenteak espresuki gonbidatutako pertsonak bertaratzeko ere.
Alabaina, beste edozeinek ezin izango du batzorde jakin batean zertaz aritu diren jakiteko aukerarik izan, batzorde horien bilkurak jendaurrekoak ez direlako. Irabazi Donostiaren ustez ulertezina da herritarrek zuzenean kontsultatu ezin izatea gero Udal Gobernuaren edo hedabideen ahotik iristen zaien informazioa.
Gardentasunik eza hori zuzentzeko, Osoko Bilkuraren Erregelamendu Organikoa aldatzeko proposamen bat aurkeztu du udal-taldeak, eta espero du gainerako taldeen eta Udal Gobernuaren babesa ere izatea, EAJren eta PSEren gobernu-akordioak azpimarratzen duenez, Udalak gardena, irekia, bizia eta eraginkorra izan behar duelako, donostiarren hitza kontuan hartu behar duelako, eta partizipatiboa izan behar duelako, komunikazio-kanal berriak erabiliz.
Azkenik, Irabazi Donostiak gogora ekarri du legegintzaldia hasi zenez geroztik hainbat ekimen aurkeztu dituztela gardentasuna hobetzeko eta herritarren informazioa eskuratzeko aukerak handitzeko. Besteak beste, udal-sozietateei udalaren gardentasun-maila bera ematea (udal-taldea Anoeta Kiroldegiko Kontseilutik kanporatu baino lehen egindako proposamena); Herri Kontsulten Erregelamendua aldatzea, gardentasun handiagoa bermatzeko eta parte-hartzea errazteko; pertsona edo elkarteentzako prentsa-aretoa hobetzea; eta Osoko Bilkuraren erabakien jarraipena egiteko batzorde bat eratzea, Bilbon esaterako egin dutenaren antzera.