Udalaren Ingurumen Departamentuak udal-jardueran zeregin garrantzitsuagoa betetzeko eskatu du Ezker Anitza-IUk, Equok eta independenteek osatzen duten Irabazi Donostia udal-taldeko zinegotzi Loïc Alejandrok.
Azken Hirigintza Batzordean gertatutakoa eta ikusitako beste gertakari batzuk direla-eta, Departamentuak dagokion tokia izateko eta funtsezko zeregina betetzeko eskatu du zinegotzi berdeak.
Udal-taldeak Lourdes Txikiko zuhaitz-mozketa masiboaren inguruko bi interpelazio aurkeztu zituen. Horietako batek gaiaren hirigintza-alderdia zuen ardatz, eta besteak, berriz, ingurumen-alderdia. Bi interpelazioek Hirigintzako zinegotzi delegatuaren erantzuna baino ez dute jaso.
Alejandrok azpimarratu duenez, “tamalez, sintomatiko samarra iruditzen zaigu Ingurumen Departamentuak zuhaitz-mozketa horren berri ez izatea. Baina, gainera, zinegotzi delegatu arduraduna bere Departamentuak gaiari buruz duen iritzia zein den azaltzera ere agertu ez izanak argi eta garbi erakusten du Ingurumen Departamentuaren iritzia ez dela oso garrantzitsua EAJ eta PSEren udal-gobernuarentzat”.
Irabazi Donostiaren ustez, ingurumen- eta jasangarritasun-alderdiek garrantzi berezia izan behar dute Udalak lantzen dituen espedienteetan, eta, horregatik, Ingurumen Departamentuak Udalean zeregin garrantzitsuagoa betetzearen alde dago. “Gure ustez, Ingurumen Departamentuak informazioa eman beharko luke proiektu edo jardun batek ingurune naturalean edo jasangarritasunean eragina duen bakoitzean. Hau da, zenbait proiektutan, Ingurumen Departamentuak ingurumenaren eta jasangarritasunaren gaineko afekzioei buruzko informazioa eman beharko luke, eta horren adibide garbiak ditugu Uliako mintegiak, Garberaren zabalkuntza, Monpaseko pasabidea, Lourdes Txikiko jardunak, Lourdes Eneko Plan Berezia, Kristina Enea parkeko arrapala berria, Uliako labarretako bide berriak eta zuhaitz-mozketak”.
Hori dela-eta, Alejandrok jakinarazi du behin eta berriz azpimarratuko dutela Ingurumen Departamentuaren lanak “zeharkakoa izan behar duela” eta haren iritzia eskatu eta kontuan hartu beharko litzatekeela udal-politika guztietan, txostenak aginduzkoak diren ala ez kontuan hartu gabe.