EQUO, IU-Ezker Anitza eta independenteek osatzen duten Irabazi Bergararen ekimenez, Bergarako Udalak inguruko katu-koloniak Harrapatu, Esterilizatu eta Askatu (HEA), kontrolatu, tratatu eta zaintzeko proiektua funtzionamenduan jartzea eztabaidatuko du osoko bilkuran.
Koalizioak mozio bat aurkezten du, udalerriko katuen ongizatean aurrerapauso bat emateko eta aldi berean herritarren eta katuen arteko elkarbizitza errazteko.
Kale-katuak, jaberik ez duten animaliak direnez, udalen erantzukizunpean daude. Irabazi Bergarakoek uste dute udalek beraiek hartu behar dituztela ahal diren neurri guztiak katuak hil baino lehen, eta neurri horietako bat albaitari-klinikekin, animaliak babesteko elkarteekin eta abarrekin lankidetza-hitzarmenak sinatzea da.
“Kale-katu bat ezin da adoptatu gizakiarekin kontakturik ez duelako izan, eta beraz, oso zaila da etxe batean bizi ahal izatea. Aukerarik zentzuzkoena eta errukiorrena aire zabalean bizitzen jarrai dezala uztea da, esterilizatuta eta bere ingurunean, baina tokiko erakundeen ikuskaritza eta kontrolpean”, adierazi du koalizioko EQUO Gipuzkoako zinegotzi Aiert Lizarraldek.
Katuak kolonia independente eta kontrolatuetan egoteak (esterilizatuta eta sanitarioki zainduta) superpopulazioa saihesten du, animalia berrien sarrera erregulatzen du eta pertsona guztiei egiten die mesede, harrapari naturala den heinean katuak arratoi eta saguen populazioak efikaziaz, ekologikoki eta merke erregulatzen dituelako.
Adierazitako guztia dela medio, Udalari eskatzen zaio Harrapatu, Esterilizatu eta Askatzeko proiektua (HEA) martxan jar dezala, aipatu diren neurriez gain honako hauek barnean hartuz: koloniak egotea baimenduko den lekuen erregistro bat egitea, ahal den neurrian kolonien habitata errespetatuz; animaliek aterperik ez badute, etxola egokiak ipintzea; eta prestatuta daudela egiaztatzen duten laguntzaileak izendatzea, kolonien kontrolean lagundu dezaten.