- Irabazi Eskoriatzaren ekimenari esker, erosketa eta kontratazio berde publikorako udal-lantaldea sortu da
- Alderdi politiko guztiek aho batez babestu dute proposamena
Azkenean Udalaren Osoko Bilkurak onartu du Ezker Anitza-IUren eta EQUOren arteko koalizioak erosketa eta kontratazio berderako udal-politika garatzeko sustatutako ekimena. Alderdi politiko guztiek aho batez babestu duten proposamenaren helburua kontratazio publikoan ingurumen-irizpideak sartzea da, horrela natura-baliabideen arrazoizko kudeaketa bultzatzeko eta ingurumenari dagokionez natura-baliabideak behar bezala aprobetxatzeko.
Proposamenari jarraikiz lantalde bat sortuko da aurreikusitako ekintzak zuzentzeko, eta Irabazi Eskoriatzak koordinatuko du Rafa Bernal koalizioko zinegotzi berdearen bitartez. “Gainerako taldeen sentsibilitatea nabarmendu nahi dut, une oro proposamena aztertzeko prest azaldu direlako eta Irabazik lantaldea koordinatzea begi onez ikusi dutelako”, adierazi du EQUOk Irabazi Eskoriatzan duen zinegotziak.
Ekimen horri esker, ingurumen-irizpideak pixkana-pixkana sartuko dira departamentuek eta haien mendeko erakundeek produktuak erosi eta zerbitzuak kontratatzean. Irabazik koordinatutako lantaldeak lan-plan bat prestatuko du, lehentasunak, helburu kuantifikagarriak, jarraipen-adierazleak eta egiaztapen-sistemak ezarriz.
Barneko Komunikazio eta Sentsibilizazio Plana egiteko aukera ere aztertzen ari da, administrazioaren funtzionamenduan ingurumen-ohitura eta -jardunbide egokiak ezartzea ahalbidetuko duena, baita kanpoko beste plan bat egiteko aukera ere, azken hori hornitzaileei begira.
Bestetik, energiaren ikuspegitik efizienteenak diren teknologiak poliki-poliki txertatu nahi dira obretan eta instalazio publikoak mantentzeko lanetan. Eta azkenik, lehiaketa publikoen pleguetan ingurumen-irizpideak erabiltzeko konpromisoa ezarri da.