Irabazi Bergara alderdiak bidegorriaren proiektuan egindako ekarpenei jaramon egiteko eskatuko dio Gobernuari

Alderdiaren ustez, proiektua “inertziaz eta presaka” diseinatu da, udal-talde horren ekarpenak alde batera utzita
Irabazi alderdiak aurkeztutako aukeran, Katabiako bidegorria Matxiategi aldera bideratzea proposatu dute, Urdangarin pasealekuaren ezkerraldeko espaloitik

Irabazi Bergara alderdiaren ustez, San Antoniotik Dikarrera bitarteko bidegorriari dagokionez, Bergarako Udaleko gobernu-taldeak diseinatu duen proiektua ez da egokia, inolaz ere, eta ez du ezertan lagunduko txirrindulari eta oinezkoak elkarren artean hobeto moldatzen.

Ezker Anitza, EQUO eta Independenteek osatzen duten alderdiak dio proiektua “inertziaz eta presaka” diseinatu dela, Irabazi-Bergarak aurkeztutako ekarpen guzti-guztiak alde batera utzita; izan ere, Gobernuak ez die oraindik proposamen horiei buruzko erantzun bat bera ere helarazi. Alderdiaren ustez, akats asko egin dira azken urteotan bidegorriaren tarteak egikaritzean, eta hainbat Batzordetan behin eta berriz errepikatu duten arren, beste aukera batzuk ere aurkeztu izan dituzten arren, ez dute erantzunik jaso. “Irabazi alderditik behin eta berriz eskatu izan dugu proiektu horiek berrikusteko, baina Gobernu-taldeak ez digu erantzunik helarazi”, kexatu da Irabaziren barruko EQUO alderdiko zinegotzi Aiert Lizarralde.

Horregatik, Irabazi Bergarak ez du ontzat ematen Gobernuak hirigintza-proiektuak diseinatzeko eta garatzeko erabili duen prozedura, eta proposamen horiek sustatzean hausnarketa handiagoa, gardentasuna, taldeek egindako ekarpenei jaramon egitea eta herritarrek ere parte hartzea eskatzen du, adostasun-maila handiagoak lortzearren. “Hirigintza-proiektuak herritarrentzat interesgarriak izan daitezen, hainbat aukera eskaini behar dira eta ez, azkeneko urte hauetan bezala, aukera bakarra. Jardunbide horiek ez dira oso demokratikoak, eta mesfidantzak eta susmoak eragiten dituzte. Mesfidantza eragiten dute herritarren artean, agintarien interes politikoa interes orokorrari gailentzen ote zaion”, dio Lizarraldek.

Irabazik orain arte proposatutako aldaketei dagokienez, autobus-geltokitik San Antoniora doan bidegorri zatiaren proiektuaren kasuan, Irabazi alderdiak zabalagoa izatea eskatzen du. Katabiako bidegorri altxatuari dagokionez, alderdiaren ustez errepidearen maila berean jarri behar da, lehendik ere gatazka ugari eragiten dituen tarte horretan arrisku gehiago ez sortzearren. “Tarte berriei dagokienez, Boni Laskurain kalean jardinerak kendu nahi dituzte bizikletentzako tartea sartu ahal izateko; bestalde, San Joxeperen etxe parean ‘zig-zag’ itxurako diseinua ezarri nahi dute. Bai bata, bai bestea, erabaki okerrak direla iruditzen zaigu”, adierazi du Aiert Lizarraldek. “Boni Laskurain kalean bidegorria sartzeak ez du inolako zentzurik, betiere diseinatuta dagoen moduan, ez baitie erantzuten ez txirrindularien, ez oinezkoen premiei”, esan du zinegotzi berdeak.

Irabazi alderdiak aurkeztutako aukeran, Katabiako bidegorria Matxiategi aldera bideratzea proposatu dute, Urdangarin pasealekuaren ezkerraldeko espaloitik, baina Gobernuari helarazi dioten arren, ez dute erantzunik jaso.