21 zuzenketa Bilboko ordenantza fiskalei hiri eta ingurugiro zainduagoaren alde

UdalBerri – Bilbao en Común osatzen dugunok uste dugu argi eta irmo erakutsi behar dugula posible dela, baita guztiz beharrezkoa ere, EAJ-PSEren udal-gobernu honek proposatzen duen politika fiskalarekiko beste politika fiskal alternatibo bat gauzatzea. Horregatik, 21 zuzenketa aurkeztu dizkiegu ordenantza fiskalei, gure udalaren politika gehiengo sozialen zerbitzura eta planetaren zaintzaren zerbitzura jartzeko helburu bakarrarekin.

Horregatik guztiagatik, gure jarrera berretsi nahi dugu orain zehaztuko dizkizuegun zuzenketetan adierazitakoaren bidez, justizia sozial handiagoa lortzeko helburu bakarrarekin.

ZERGAK

Ondasun Higiezinen gaineko Zergarekin lotuta daude aurkeztutako zazpi zuzenketa.

Gure hiriko saltoki txiki eta ertainak babesteko, Merkataritza Erabileran aplikatzekoa den tasa orokorra aldatzeko eskatuko dugu, % 0,444an ezarriz.

Ondasun Higiezinen gaineko Zergan progresibitatea ziurtatzeko, higiezinen katastro-balioaren atalasea 600.000 eurotik 300.000 eurora gutxitzeko eskatuko dugu, eta industria-erabilerako ondasunei aplikatzen zaien karga % 0,6775ean gehitzeko ere eskatuko dugu.

Atal berean, hobariaren aplikazio aldia 3 zerga-ekitalditik 6 zerga-ekitaldira zabaltzeko aukera babes publikoko etxebizitzentzat soil-soilik eskatuko dugu.

Hobari bat txertatzeko ere eskatuko dugu, 6 hilabetetik gora langabezian dauden pertsonei, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren hartzaileei eta pobrezia-arriskuko egoeran daudenei erantzun bat emateko hobaria. -Era berean, zenbait proposamen aurkezten ditugu hutsik dauden etxebizitzak zergapetzeko, etxebizitza horiek merkatura atera eta prezioen jaitsiera bat lortzeko, bai alokairuan, baita salmentan ere.

Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergari dagokionez, zergak progresiboki egokitzea proposatzen dugu, zaldi fiskal gehien dituztenak zergapetuta, eta ibilgailu kutsatzaileenak zigortuz eta garbiak hobarituz, hobari handiagoa ezarriz zerbitzu publikorako diren ibilgailu hibridoak erabiltzeko.

Eraikuntza, instalazio eta obrei buruzko zergari dagokionez, zaharberritze- edo birgaitze-lanetan Energia Kalifikazioko hobekuntza hobaritzea nahi dugu, oztopo arkitektonikoak desagerraraztea ere hobaritzeaz gain.

TASAK

Tasen atal honetan, Hiri Garraio Kolektiboko Zerbitzuarekin (Bilbobus) lotutakoa azpimarratu behar da. Gure aldaketaren helburua da txartel sozial hobaritua krisialdiaren ondoren sortutako gizarte-errealitate berrira egokitzea. Horregatik, txartel horretarako eskubidea izateko soldata-topea lanbide arteko gutxieneko soldataren bikoitzean bateratzeko eskatzen dugu, eta langabe guztiei –ez bakarrik iraupen luzekoei–, indarkeria matxistaren ondorioz kalteberatasun-egoeran dauden emakumeei eta EHUko ikasleei aplikagarria izan dadila.

Bestalde, Udal Jabari Publikoaren Erabileraren eta Aprobetxamenduaren atalari dagokionez, gobernuak energia-enpresek beren instalazioak udal-lurzoruan edukitzeagatik gaur egun ordaintzen duten diru-kopurua gehitu dezala nahi dugu. Gogorarazten dugu Auzitegi Gorenak aurten emandako bost epai daudela neurri horren alde.

Azken batean, udal-gobernu honek gehiengo sozialaren interesi entzungor egiten diela jakinda ere, Udalberri – Bilbao en Común osatzen dugunok zenbait zuzenketa proposatzen ditugu publikoki erakusteko posible dela beste politika fiskal bat egitea, eta progresibitatean, aberastasunaren birbanaketan eta ingurumenaren zaintzan oinarritutako proposamen alternatiboak landu daitezkeela.

Udal-gobernu honek ezin du administrazioen arteko eskumenen aitzakia-diskurtsoa erabiltzen jarraitu; horixe esan genuen 2015ean, iaz errepikatu genuen eta, jakina, aurten ere bai: udal-gobernuak askoz ere gehiago egin dezake gehiengo soziala babesteko eta horretarako gure hiriarentzako autonomia fiskal handiagoa eskatu beharko du lehenik! Ez gara Foru Aldundiak dituen eskumenez edo udalari falta zaizkion eskumenez hitz egiten ari. Udal-gobernu honen borondate politikorik ezaz ari gara, besterik gabe.