Neurriak eskatzen ditugu inpaktu akustikoa gutxitzeko Bilboko gaueko aisiaguneetan

Udalberri-Bilbao en Común koalizioaren bitartez, proposamen bat aurkeztuko dugu maiatzeko osoko bilkuran eztabaidatzeko, Bilboko Udalak gaueko aisiarekin lotutako zarataren mapa bat egin dezan. Hiriko arriskuguneak identifikatzea ahalbidetuko du neurri horrek.

Carmen Muñoz UdalBerriko bozeramaileak gogorarazi du azken hilabeteetan asko izan direla auzotarrek aurkeztutako kexak gai horrekin lotuta. Hori dela-eta, Podemosek, Ezker Anitzak, Equok eta independenteek osatutako koalizioak gaueko aisia-jarduera ugari dituzten bizitokien eremu akustikoak modu espezifikoan eta bereizian mugatzeko eskatzen du etorkizunean izan daitezkeen gatazkak prebenitzeko, pertsonek atsedenerako duten eskubidearen eta jarduera ludikoen gozamenaren arteko oreka bermatuko duten neurrien bidez. “Udal gisa dugun lehentasunetako batek bilbotarren ongizatea bermatzea izan behar du, ostalaritza-interesei kalterik eragin gabe”, erantsi du Muñozek.

Era berean, egoera aztertzeko eta batez ere soluzio egokiagoak eskaintzeko, askotariko jardueren eraginpean dauden horrelako guneetan bizilekua duten eta elkarrekin bizi diren herritarrek egindako eskaerak hartu beharko lirateke kontuan, talde politiko honen ustez.