EQUO Berdeak taldetik txirrindularien segurtasuna bermatzeko neurriak eguneratzeko proposamena babesten dugu. Eskaera hori Eusko Legebiltzarrak onetsitako testu batean jasota geratu da; testu horretan, gobernu autonomikoari, udalei eta foru-aldundiei eskatzen zaie lanean jarrai dezatela txirrindularien segurtasuna hobetzeko eta txirrindularien, oinezkoen eta auto-gidarien arteko bizikidetza ahalbidetzeko. “Bide publikoen erabiltzaile guztien arteko bizikidetza ahalbidetu behar da, baina betiere ahulenak babesteko printzipioari jarraikiz”, ohartarazi du José Ramón Becerrak, EQUO Berdeak taldeak Elkarrekin Podemosen duen legebiltzarkideak.
Horretarako, Euskadiko Txirrindularitza Federazioarekin batera, zera eskatu zaio Eusko Jaurlaritzari, txirrindulariak eta errepideetan kirola egiten dutenak arriskurik gabe ibili ahal izateko abiarazitako neurrien ebaluazioa egin dezala.
Halaber, sentsibilizazio-kanpainak maiz egitea ere eskatu da. “Gidari, txirrindulari eta oinezkoen artean sentsibilizazio-kanpainak egitea beharrezkoa da, baina baita trafiko-agenteen artean ere. Txirrindulari bat autoarekin harrapatzea oso merkea da bai zigorraren aldetik, bai aseguru-etxeak ordaindu beharreko kalte-ordainen aldetik”, nabarmen du Becerrak eta, bide batez, garraiobide hori defendatzeko eta goraipatzeko baliatu du eztabaida. “Ez da beste garraiobide bat soilik, garraiobide jasangarriena eta osasungarriena baizik, klima-aldaketaren aurka egiten gehien laguntzen duena”.