- Zentral nuklearra eraisteko Erakundearteko Batzorde bat sortzearen alde dago alderdi ekologista, prozesuaren segurtasuna eta gardentasuna bermatzearren
EQUO Berdeak alderdiaren ustez, Garoña inguruan Ekonomia Berpizteko Plana ekoturismoa sustatzera bideratu behar da, baita nekazaritzako eta abeltzaintzako proiektu jasangarri eta kalitatezkoak garatzera ere. Hartara, eskualdeko bokazioarekin eta balioekin bat etorriko da. Alderdi ekologistaren ustez behar-beharrezkoa da plan hori diseinatzeko garaian eremu horretako, Tobalina haraneko eta Arabako inguruko herrietako biztanleek modu aktiboan parte hartzeko aukera izatea.
Ingurunea biziberritzeko proiektu egokiak prestatzeko eta hausnarketarako nahikoa denbora badago, instalazio nuklearra eraisteko gutxienez hamarkada bat behar izango baita. Prozesu horri esker, zentralaren inguruan enpleguari eutsi eta enplegua areagotu ere egin ahal izango da. Zoritan, aktibo egon zen bitartean 100 lanpostu zeuden, eta itxi ostean eta eraiste-lanetan 300-350 lanpostu egon ziren.
Aldi horretan, betiere pertsonen eta ingurumenaren segurtasuna ez ezik, prozesuaren gardentasuna ere uneoro bermatzearren, EQUO Berdeak alderdia Erakundearteko Batzorde bat sortzearen alde dago, Garoña eraisteko lanen jarraipena egiteko; eskaera hori ostegunean, urriaren 19an, eztabaidatu zen Eusko Legebiltzarraren Osoko Bilkuran.
Ohartarazi dutenez, zentraleko putzuan egun gordetzen diren zenbait uranio-barra puskatuta egon daitezke eta, beraz, zailagoa eta arriskutsuagoa izango da barra horiek Aldi baterako Biltegi Indibidualizatura (ABI-ATI) eramatea. Gainera, biltegi hori intenporala izango da, Espainian ez baitago goi-mailako jarduerako hondakinentzako Biltegi Zentralizaturik, eta ez da espero epe motzean halakorik eraikiko denik.
Horregatik guztiagatik, jarraipen-batzorde hori eratzea guztiz beharrezkoa da, prozesua gehiago atzera ez dadin.
EQUO Berdeak alderdiak parke nuklear osoa arian-arian ixteko eskaerari eutsi dio, eta energia garbi eta berriztagarriak sustatzea eta benetan horien alde egitea eskatu du. “Energia nuklearra garestia eta arriskutsua da baina, batik bat, ez da beharrezkoa. Horregatik, Garoña ez ezik, Estatuko zentral nuklear guztiak ere itxi behar dira. Borroka luzea izango da, baina alderdiei dagokigu kolektibo ekologisten borroka historiko, bidezko eta zentzuzkoari babesa ematea”, adierazi du José Ramón Becerrak, EQUO Berdeak taldeak Elkarrekin Podemosen duen legebiltzarkideak.