EQUO Berdeak alderdiak Garraio Publikoa Finantzatzeko Lege bat eskatu du udalen gastua arintzeko

  • Alderdi ekologistaren ustez, lege-neurriak hartu behar dira, tarifak pertsona bakoitzaren egoera sozioekonomikoarekin bat etortzeko, kolektibo kalteberenak kontuan hartuta bereziki
  • Garraio publikoaren finantzaketak ingurumen-irizpideak ere kontuan hartu behar ditu, hala nola erabilitako ibilgailuen energia-eraginkortasuna

EQUO Berdeak alderdiak, Elkarrekin Podemos taldean duen legebiltzarkide José Ramón Becerraren bitartez, eusko Legebiltzarrera eraman du Garraio Publikoa Finantzatzeko Legea egiteko proposamen bat. Lege horren bidez gaur egun Euskadin dauden udal-garraio publikoko sistemak finantzatu ahal izango dira.

Proposamen horren helburuetako bat udalei zerbitzu horren finantzaketaren pisua kentzea da; izan ere, udalek biltzen dituzten zergak gutxiegi dira zerbitzu hori ordaintzeko. Zirkunstantzia horrek eragiten du ustiapenaren emaitza-kontuko defizitek zerbitzuaren prezioan edo zerbitzuaren kalitatean eragina izatea murrizketen, azpikontratazioen, esternalizazioen eta/edo pribatizazioen bitartez. “Udal-baliabideak gutxiegi badira, Udalak tarifa garestiagoak jartzea edo zerbitzuaren kalitatea murriztea erabaki behar du”, adierazi du José Ramón Becerrak.

Garraio Publikoa Finantzatzeko Euskal Legeak egoera hori konpontzen lagunduko luke eta oinarrizko bi premisa beteko lituzke: herritarrek mugitzeko duten eskubidea bermatzea eta garraiobideak finantzatzea irizpide objektiboekin.

José Ramón Becerra legebiltzarkideak proposatu du finantzaketa-mekanismoak aurreikusitako Mugikortasun Jasangarriari buruzko Legearen barnean sartzeko aukera dagoela, eta ez dela beharrezkoa arau espezifiko bat idaztea. Era berean, Osoko Bilkuran nabarmendu du ezinbestekoa dela mugikortasunerako eskubidea herritarren eskubide subjektibotzat hartzea. “Proiektu horretan lege-neurriak hartu beahr dira tarifak pertsona bakoitzaren egoera sozioekonomikoarekin bat etortzeko, kolektibo kalteberenak kontuan hartuta bereziki”, esan du Becerrak.

EQUO Berdeak alderdiaren ustez, garraio publikoaren finantzaketak ingurumen-irizpideak ere kontuan hartu behar ditu, hala nola erabilitako ibilgailuen energia-eraginkortasuna. “Funtsezkoa da funtzio soziala ingurumen-gaiekin lotuta balioestea, zeren udalaren garraio-zerbitzuek trafikotik eratorritako kutsadura eragozten baitute –emisio kutsagarrien % 70–, eta berotegi-efektuko gasen emisioak murrizten dituzte”, nabarmendu du Becerrak.