- Ingurumen-teknikarien eskala propioa sortzea aurreikusi da ekimenean
Eusko Jaurlaritzaren ingurumen-teknikarien plantilla egonkortzeko eta handitzeko proposamena onartu du Eusko Legebiltzarraren Osoko Bilkurak, eta ingurumen-teknikarientzat eskala propioa sortuko da.
EQUO Berdeak taldeak Elkarrekin Podemosen duen legebiltzarkide José Ramón Becerrak defendatu duen ekimenak legebiltzar-talde guztien babesa jaso du, aho batez. Langile horiek Administrazio publikoaren batezbestekotik beherako baldintzak dituzte: % 70eko bitartekotasun-tasa, % 85eko behin-behinekotasuna, titulazio minoritarioak dituzten langileak dira, eta duela 20 urte baino gehiago ez dute lan-eskaintza publikorik izan.” ”Egoera horren ondorioz, gaur egun, plaza horiek betetzeko aukera dute baita 27 titulaziotako tituludunek”, nabarmendu du José Ramón Becerrak.
Legebiltzarkide berdearen ustez, Gobernuak ingurumenaren arloan izan duen sentsibilitaterik eza historikoaren adierazgarri dira alde horiek, baita funtzio publikoak Euskadin bizi duen egoeraren adierazgarri ere. “Funtzio publikoa ahaztuta dute –baliabiderik gabe, errekonozimendu publikorik gabe– eta erabat desegituratua dago –langileekin eta soldatekin murrizketak eginez, belaunaldi berrietako ordezkorik gabe…–“, kexatu da Becerra.
Azkenik, Gobernuari zera eskatzea erabaki du Legebiltzarrak, Ingurumen Sailburuordetzako langile-premiak berariaz azter ditzala, ingurumena babesteko arau eta lege berrien ondorio diren egungo erronkei erantzun egokia eman ahal izateko. Era berean, plantilla egonkortzeko prozesu bati ekiteko eskatuko zaio Jaurlaritzari, Administrazio Orokorrean enplegua egonkortzeko prozesuen deialdia eginez. Orobat, beste eskaera bat ere biltzen du ekimenak: urtebeteko epean, ingurumen-teknikarien eskala prestatzea.