EQUO Berdeak taldeak salatu du Jaurlaritzak ozonoagatiko kutsadura-kasuen berri ezkutatzen duela

  • Ekologistak Martxan taldeak bildutako datuen arabera, ekainean ozono troposferikoaren informazio-atalasea zazpi aldiz gainditu zen eta ez zitzaien inolako abisurik egin kutsadura atmosferikoarekiko sentiberenak diren biztanleei, hots, haur, heldu, emakume haurdun eta arnas arazoak edo arazo kardiobaskularrak dituzten pertsonei

  • Alderdi ekologistak berriro dio premiazkoa dela kasu horietarako Ingurumen Ministerioak, Osasun Sailak eta udalek koordinatuko dituzten informazio- eta jardun-protokoloak martxan jartzea.

EQUO Berdeak alderdi ekologistak salatu du joan den ekaineko hainbat egunetan ozono troposferikoaren, hots, ‘ozono txarra’ deritzonaren informazio-atalasea gainditu zela erregistratu arren Eusko Jaurlaritzak herritarrei ez diela inolako abisurik egin babes daitezen eta arriskuak saihestu ditzaten.

Kutsatzaile horrek, poluzio atmosferikoarekiko sentiberak diren pertsonengan, hots, haur, heldu, emakume haurdun eta arnas-arazoak edo arazo kardiobaskularrak dituztenengan, begien eta goiko arnasbideen narritadura, birika-funtzioaren murrizketa, arnas gaixotasun akutuen, adibidez asmaren arriskua handitzea edota patologia kardiobaskularren larriagotzea ekar dezakete.

Jaurlaritza, ozono-mailen atalaseak gainditu daitezkeela aurreikusiz, legez behartuta dago komunikabideen bitartez abisua egitera, baita babes-gomendioak ematera eta eraginpeko zonei eta gertaera horien iraupenari buruzko informazioa ematera ere. Hala eta guztiz ere, osasunerako arrisku-egoera horiek gertatu diren egun bakar batean ere ez die horren berri eman herritarrei.

Ekologistak Martxan kolektiboak bildutako datuen arabera, ekainaren 21ean (asteazkena) ozonoaren informazio-atalasea zazpi aldiz gainditu zen. Araudiak atalase hori honela du ezarrita: 180 mikrogramo ozono metro kubiko aireko, ordubetean neurtuak. Europa Parkeko (Bilbo), Zallako, Jaizkibelgo (Hondarribia) eta Valderejoko kutsadura kontrolatzeko estazioetan detektatu zen. Erregistratu zen maila gorena 207 mikrogramo metro kubikoko izan zen, Jaizkibelen.

Gertakari horien aurrean, EQUO Berdeak taldeak berriz ere adierazi du, eta azken kontroleko osoko bilkuran José Ramón Becerra legebiltzarkideak Ingurumeneko sailburuari ere adierazi zion, premiazkoa dela kasu hauetarako Ingurumen Ministerioak, Osasun Sailak eta udalek koordinatuko dituzten informazio- eta jardun-protokoloak martxan jartzea. “Jaurlaritzaren jarduna, airearen kalitatearen kontrolari dagokionez, hobetu egin daiteke, baina euren jarrera autokonplazientearekin jarraitzen dute, eta airea Euskadin ez da beti haiek saltzen digutena bezain ona. Kasu horietan gertatzen den kutsadurak pertsonen osasunean du eragina. Kontrol zorrotzagoak egin behar dira. Eguzki-erradiazio handiagoko garaitan gorantz egiten dute nabarmenki”, adierazi du Elkarrekin Podemos taldea osatzen duen EQUO Berdeak alderdiko legebiltzarkide José Ramón Becerrak.