Akordio bat lortu dugu Urdaibaiko Biosfera Erreserbarentzat babes handiagoa bermatzeko

Eusko Legebiltzarrean akordio bat lortu dugu Urdaibaiko Biosfera Erreserbarentzat babes handiagoa bermatzeko, EH Bildurekin batera ekimen bat aurkeztu ondoren. Onartutako testuaren arabera, Eusko Legebiltzarrak Gobernuari eskatzen dio naturagune horren erabilera eta kudeaketa zuzentzeko egungo Plana indargabetzeko, hauteskunde autonomikoak baino bi egun eskas lehenago azkar-azkar onartu zelako, Gobernua oraindik jardunekoa zenean. Eta eskatzen dio, halaber, planaren berrikuspen berriak ingurumenari arreta handiagoa eskainiko dioten irizpide berriak kontuan har ditzala. Orain Eusko Jaurlaritza da dagokion erantzukizuna bete behar duena.

Bere agerraldian, José Ramón Becerra EQUO Berdeak alderdiak Elkarrekin Podemosen duen legebiltzarkideak EAJri aurpegiratu dio, eta, hedaduraz, Bizkaiko Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari, iraunkortasun-ikuspegi bat aintzat hartu balute eskualdeko garapen ekonomikoaren alde egin zezaketen guztia.

Besteak beste, honako neurri hauek aipatu ditu: naturagune babestuak suspertzeko Europar Batasuneko finantziazioa ongi erabiltzea, 90eko hamarkadan Gernikako eskualdea astindu zuen industria-krisiari aurre egiteko, eta Txorierrin ezarri ziren enpresa teknologiko, garbi eta iraunkorretako batzuk bertara eramatea; nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategiak produkzio ekologikora egokitzeko prozesua abian jartzea, horrela sektorea bere onera ekartzeko eta gaztetzeko; eta kalitatezko turismo-sare iraunkor oso bat bultzatzea, kulturaren jakintzari, historiari eta eskualdeko tradizioei loturik. “Horren ordez, burutazio jakin batzuk sustatzea nahiago izan dute, hala nola huts egindako Guggenheimekoa edo aurten ere, datorren hilaren amaieran, balizko zona arkeologiko gisa kalifikatutako eremu babestu batean antolatuko den rock jaialdia”, kexatu da Becerra.

“Urdaibai euskal Tirol izan zitekeen, bizitzeko eta lanerako aparteko toki paregabea, Euskadik harrotasunez erakusteko modukoa. Eta hala ere, batzuk Beverly Hills bihurtzeko ahaleginetan ari dira, uda-pasako bigarren etxebizitzetarako eta baserri zaharrak luxuzko txoko bihurtutako tokia. Izan ere, batzuentzat natura lorategi ingeleseko zati bat baino ez da, txaleta inguratzen duen berdea. Gainerako guztia alferrikako espazioa da haientzat, eta bertan edozer gauza egin daiteke gainera, pinuak edo eukaliptoak hazi edo lurzorua berriz kalifikatu, txalet gehiago eraikitzeko” erantsi du Becerrak.