II BATZAR NAGUSIA EBAZPENAK

EBAZPENA: KLIMA-ALDAKETA GELDIARAZTEA ETA EUSKADI BABESTEA

Klima-aldaketa iritsi da jada, eta badirudi gelditzeko asmoz iritsi dela, gainera. Euskadin ere badugu errealitate horren berri; beraz, klima-aldaketa geldiarazteko eta aldaketa horren ondorioak leuntzeko beharrezkoak diren politikak antolatu behar ditugu, eta egoera berrira egokitu behar dugu, oraingo eta etorkizuneko belaunaldiek etorkizun duina izango dutela ziurtatzeko.

2015eko abenduan klimari buruzko akordio globala lortu zen: Pariseko Akordioa. Akordio hori klimari buruzko ekintzak maila guztietan garatzeko nazioarteko esparrua da, eta politika publikoak horretara bideratu behar dira.

Euskadin, Eusko Jaurlaritzak klimarekin lotuta dituen tresna nagusiak honako hauek dira: “Klima 2050” Klima Aldaketaren Estrategia eta 2030erako Euskadiko Energia Estrategia (3E2030). Baina biak ere ez dira nahikoak, eta estrategia horien jardun-ildoak eta helburuak sakon berraztertu behar dira lehenbailehen, Pariseko Akordioan hartutako erabakiak betetzearren.

Zentzu horretan, gure ustez lehentasun politiko, ekonomiko eta soziala da energia zikinak (petrolioa, ikatza, gasa) alde batera uztea eta​ energia garbien (eguzkia, haizea, ura, lurra eta landareak) alde egitea. Horretarako, “% 100 berriztagarria” lelo izatetik egia izatera igaro dadin, energia fosilei diru-laguntzak emateari utzi behar zaio, eta sektore horietan desinbertsioak egin behar dira.

Alabaina, helburu garrantzitsua izaki, erabiltzen dugun energia mota aldatzea ez da, inolaz ere, nahikoa izango jada ondorioak eragiten hasi den klima-aldaketa leheneratzeko. Energia erabiltzeko modua ere aldatu behar dugu, produzitzean, joan-etorriak egitean, ostatu hartzean edo denbora libreaz gozatzean. Horretaz gain, energia hori zentzuz erabili behar da, alferrik xahutu gabe eta energia eskas hori ahalik eta modu eraginkorrenean erabiltzen saiatuta. Azken batean, geure ekonomia, hiriak, lana eta giza harremanak antolatzeko modua aldatu behar dugu, errotik.

Horregatik guztiagatik, gure ustez, klima-aldaketa leuntzeko eta egoera berrira egokitzeko politika berria behar dugu Euskadin, eta politika horren ardatzak honako hauek izan beharko lukete:

  1. Energia aurreztea, energia-eraginkortasuna eta energia berriztagarriak oinarri dituen energia-eredua garatzea lehenbailehen, energia-iturriak herritarren esku edo erakunde publikoen esku daudela.
  2. Jendeari hirietan oinez edo bizikletaz mugitzea ahalbidetuko dion garraio-sarea diseinatzea, garraio publikoa izanik hirigune nagusiak lotzeko bidea, eta garraio publikoaren sarea landa-eremuekin lotuko duen garraiobide kolektibo malguen bitartez (maileguan hartzeko ibilgailu elektrikoak, minibusak); halaber, salgaien garraioa tren bidez izango litzateke hiriarteko garraioaren kasuan, eta “zero emisio” dituzten garraiobideen bitartez hiriguneen barruko logistikaren kasuan.
  3. Ekodiseinua eta jasangarritasuna printzipio gidari izango dituen hirigintzaren plangintza ezartzea, etxebizitza autosufizienteak eraiki daitezen eta lehendik dauden etxebizitzak energiaren arloan birgaitu daitezen sustatuta. Lurralda antolatzeko irizpideetan produkzioko eta hezkuntza-arloko jarduerak etxebizitzetarako eta aisialdirako guneekin uztartzea, hartara ahalik eta joan-etorri gutxien egin behar izateko.
  4. Naturak karbono dioxidoa xurgatzeko duen ahalmena areagotzea; horretarako, ibaietako eta lurreko ekosistemak leheneratu eta babestu egin behar dira, eta biodibertsitatea indartzeaz gain, korridore ekologikoen bitartez naturaguneak eta landaguneak hirigune berdeekin lotuko dituen azpiegitura berdea bultzatu. Hirigune berde gehiago baldin badaude, hirigune handietan izaten den “bero-irla” efektua murriztu egingo da.
  5. Landa-eremuan, baso-kudeaketa, nekazaritza eta abeltzaintza jasangarriaren alde egitea; horretarako, berotegi-efektuko gasen emisioak murriztu behar dira, karbonoa ekosisteman bertan finkatzeko ahalmena areagotu behar da eta, aldi berean, hurbil dauden hiriguneak elikagai osasungarri eta gertukoez hornitzeko sareak garatu behar dira.
  6. Hiri-hondakinak kudeatzeko sistemak eraldatzea; hartara, ingurumen-arloko sentsibilizazioaren eta hezkuntzaren bitartez, epe ertainean “zero hondakin” helburua betetzea lortuko da berrerabiltzearen, birziklatzearen eta konpostatzearen bitartez. Horrela, bada, erraustegiak eta zabortegiak ixteko aukera egongo da, izan ere, ​Euskadiko emisioen zati handi baten erantzule baitira.
  7. Ura kudeatzeko politikak berraztertzea gure herriko baliabide hidrikoak bermatzearren, batik bat, klima-aldaketaren ondoriozko lehorte ​g​araietan; horretarako, akuiferoen eta ur gezako masen babes integrala bermatu behar da, eta industrian ur gehiago aurrezteko aukera emango duten edo hondakin-uren arazketaren eraginkortasuna areagotuko duten teknologietan inbertitzea sustatu behar da. Gainera, beharrezkoak diren azpiegitura guztiak gauzatzeari eta martxan jartzeari lehentasuna eman behar zaio.
  8. Kontsumoarekin lotutako emisioak murrizten lagunduko duten zerbitzu eta produktuak ikertu eta garatu daitezen sustatzea.
  9. Zerga-sistema berdea ezartzea, klima-aldaketan eragin negatiboa duten jarduera ekonomikoei diru-laguntzarik edo pizgarririk ez emateko, eta jarduera horietan egindako inbertsioak zergapetzeko.
  10. Hezkuntza-programak abiaraztea, herritarrei eta gizartearen nahiz ekonomiaren arloetako agenteei klima-aldaketa geldiarazi egin behar dela ulertarazteko eta haien sentsibilizazio-maila areagotzeko, baita egokitzapenerako zer erantzun eman daitezkeen ikusarazteko ere, eta, horrekin guztiarekin batera, herritarrek parte hartzeko prozesuak ere egin behar dira, erabakiak hartzeko prozesuetan ​erantzunkidetasuna sustatzearren.

[gview file=”http://euskadi.partidoequo.es/wp-content/uploads/2017/06/Resolución-II-Congreso-Cambio-Climático-eus-1.pdf”]

EBAZPENA: “EKONOMIA BERDEAGOA ENPLEGU EGONKORRA SORTZEKO”

2008. urtean finantza-arloko krisialdia hasi zenetik, adreiluak eta hormigoiak gure ekonomian duten garrantzia murriztu behar dela entzun izan dugu. Horren ondorioz, produkzio-eredua aldatu behar dela proposatu izan da behin baino gehiagotan, gure gizartean eta, bereziki, gazteen artean dagoen langabezia-maila handia murrizteko gai izango den eredua lortzeko.

Urte hauetan guztietan, berdeek produkzio-ereduaren aldaketa hori aukeratzat hartu izan dugu: ekonomia kapitalistak halabeharrez bideratzen gaituen produkzioko eta kontsumoko eredu ez-jasangarri hau eraldatzeko aukeratzat, ondorio negargarriak eragiten dituelako, hala nola natura-baliabideak arian-arian agortzea, natura suntsitzea, landa-komunitateak jendez hustea eta pobretzea eta luzaroko langabezia sortzea gainbehera doazen eremu industrializatuetan.

Hortaz, trantsizio hori eraginkorra izatea nahi badugu, gure gizartean gaur egun nagusi diren kontsumo-ohiturak aldatu beharko ditugu, hein handi batean. Kontsumo arduratsua, etikoa, tokian tokikoa eta ingurumen-inpaktu txikiagoa duena hautatu beharko dugu geure irizpideetan. Baina, aldi berean, hain kontsumista ez den bizimodua izatea ere lortu beharko genuke, ondasunak partekatuta, trukeak eginda edo berrerabilpena sustatuta.

Produkzio-ereduaren eraldaketaren beste zutabea zerga-sistema da. Zergak gobernantzako tresna ahaltsuak dira eta, dirua biltzeko ez ezik, aberastasuna birbanatzeko ere baliatu behar dira eta, egungo egoera ekonomikoan, produkzio-eredu jasangarriagoa bultzatzeko. Eremu horretan, natura-baliabide urriak modu ez-eraginkorrean erabiltzen direnean zigorrak jarriko dituzten zerga-mekanismoak behar ditugu, edo berotegi-efektuko gasen emisioak zergapetuko dituztenak. Baina, aldi berean, gure lurraldean eta Espainiako nahiz Europako lurretan kokatuta dauden multinazional handiek zergak saihesteko maiz erabiltzen dituzten teknikak detektatu eta desagerrarazi ere egin behar dira; izan ere, azken batean, lehia desleiala dira euskal enpresentzat, batik bat, sektore sortuberri jasangarrientzat, jada finkatuta dauden sektoreekin lehian jardun behar dutelako eta, askotan, enpresa multinazionalak izaten dira nagusi sektore horietan.

Hori esanda, Euskadin, produkzio-eredua aldatzeko industriaren eginkizuna berraztertu beharko dugu, zalantzarik gabe, ekonomian garrantzi handia duelako eta besteren konturako lanaren nitxo nagusia delako. Eraldaketa horren helburuak honako hauek izango dira:

  • 1.    Gizartearen oinarrizko premiak modu jasangarriagoan betetzeko aukera ematen duten industria-jarduerak edo sektoreak indartzea, ingurumenaren gainean eragin handiagoa dutenak baztertuta. Horretarako, beharrezkoak diren tresnak abiarazi beharko dira politikaren, legearen, zergen edo administrazioaren arloetan, industria-sektore ez-jasangarrienetan bilakaera positiboko dinamika sor dadin. Eraldaketa honetan, I+G+Bko politiken eginkizuna ezinbestekoa izango da, baita sektore publikoak sustatzen dituen erosketa-politiken trakzio-efektua ere.
  • 2.    Aldaketa sakonak txertatzea beste sektore ekonomiko batzuetan industria jasangarrienarekin sinergiak sortzeko. Horrela, bada, lehenengo sektorean nekazaritzako produkzio ekologikoa eta arrantza jasangarria bultzatzea komeni da, balio erantsi handiagoko elikagaigintzaren tokiko industria berpizteko. Halaber, baso-masa autoktonoak ere modu jasangarrian kudeatu behar dira, merkataritza-balio handiagoa duten produktu landuak lortuko dituen zurgintza-sektorea suspertzeko, zur merkeko plantazioak baztertuta. Eraikuntzaren sektorean, eraikinen birgaitze integrala, energia berriztagarrien ezarpen integrala eta bioeraikuntza sustatu beharko dira. Eta hirugarren sektorean, garraio publikoa indartzea eta hiri-hondakinen kudeaketa ekonomia zirkularraren printzipioen arabera (berrerabiltzea, birziklatzea eta konpostatzea) egokitzea funtsezkoak dira. Azken batean, sektore horiek dira enplegu berdea eta deslokalizatu ezin dena sortzeko ahalmena dutenak.
  • 3.    Jardun osagarriak abiaraztea, hala nola sektore turistiko jasangarria eta deszentralizatua planifikatzea, herriguneetako merkataritza-sarea berreskuratzea edo komunikazio aurreratuen sareak lurralde osora zabaltzea. Jardun horiek ez dute industrian zuzenean eragiten, baina lagungarri izan daitezke ekonomia jasangarriagoa eta erresilienteagoa eratzen, eta horrekin batera, enplegu garbia sortzen ere laguntzen dute.

Nolanahi ere, ez dugu ahaztu behar ekologia politikoarentzat ekonomiaren azken helburua pertsonen oinarrizko premiak betetzea dela. Zentzu horretan, enpresek –industria-arlokoak izan ala ez izan– ez lukete ahalik eta etekin ekonomiko handiena lortzera mugatu behar, baizik eta, horretaz gain, gizartearekiko konpromiso hirukoitza hartu beharko lukete: irabazi horien zati bat zerga moduan itzultzea, enpresa osatzen duten pertsonei bizibide duina eskaintzea eta jarduera denboran jasangarria izango dela bermatzea, gizartearen nahiz ingurumenaren ikuspegitik begiratuta.

Hortaz, enpresaren eremuan, euskal produkzio-sarean aldaketak egin daitezen sustatu behar dugu, badatorren egoera sozioekonomiko berrira egokitu ahal izateko; hona hemen lan-ildoak laburbilduta:

  1. Kooperatibak, lan-sozietateak edo gizarte-ekonomiako beste modu batzuk sustatzea, enpresa-jardueraren jabea kolektiboa dela ziurtatzeko; izan ere, horrelako erakundeetan konpromiso soziala interes ekonomikoari gailentzen baitzaio.
  2. Enpresetako botere-egituretan aldaketak indartzea, antolamendu hierarkikoen ordez antolatzeko modu demokratikoagoak, horizontalak eta partizipatiboak ezar daitezen, pertsona bakoitzak dakiena eta uste duena adierazteko aukera izan dezan enpresaren eta gizartearen, oro har, mesedetan.
  3. Antolamendu-eredu malgu eta adostuak garatzea, industriek produkzio-ahalmena egokitu ahal izan dezaten merkatuko baldintza aldakorren arabera.
  4. Zainketen inguruan (heziketa, osasuna, mendetasuna, gizarteratzea) sektore publiko egonkorra sendotzea, gizarte-kohesioa lortze aldera; izan ere, gizarte-kohesioa ezinbestekoa baita produkzio-jardueraren berregituratzeak eta ekonomia globalaren gorabeherek EAEko herritarren bizi-kalitatean eragin negatiborik izan ez dezaten.

[gview file=”http://euskadi.partidoequo.es/wp-content/uploads/2017/06/Resolución-II-eusk.pdf”]

EBAZPENA: GARDENTASUNA, PARTAIDETZA ETA GOBERNANTZA, BAINA BENETAKOAK

Duela gutxi gorabehera 70 urte, G. Orwell idazleak zera esan zuen, “diskurtso politikoa eta idaztea, hein handi batean, defendatu ezin den horren defentsa dira”. Alabaina, gaur egun, politika sorgin-ehiza bihurtu dela dirudi, eta diskurtso politikoak, gero eta gehiago, erretorika huts bihurtzen ari dira, esandakoa norberaren kontra erabiltzeko beldurragatik, jarrera jakin bat defendatzeagatik baino gehiago.

Horrela, bada, orain arte, Europak agintaritza morala zuen, eta pentsatzeko eta jokatzeko garaian konfiantza ematen zuen sistema bat geneukan; baina orain, sistema global batean gaude, eta gizartearen eta ingurumenaren arloetan ditugun erronkek zalantzan jartzen dute nagusi diren sistemen ekitatea eta eraginkortasuna. 

Horrenbestez, planteamendu sinpleen bitartez eragile zinikoak goraipatzen dituzten mezu zalantzagarriak edo edukirik gabekoak aurkitzen ditugu, baina askotan gezurretan oinarritzen dira edo, gaur egun esaten den moduan, “postegian”. Adibide ugari aurki ditzakegu gaur egun: Erresuma Batuko erreferenduma, Austriako, Frantziako edo AEBetako hauteskundeak eta boto zurien eta abstentzioen tasa handiegia. Herritarrak argi eta garbi esaten ari dira: politika egiteko modua –orain arte ezagutu izan dugun modua, behintzat– aldatu egin behar da.

Herritarrek politikarekiko atxikimendurik ez duten egoera honetan, Europako Alderdi Berdeko kide den EQUO alderdia zer espiriturekin jaio zen gogorarazi nahi dugu: “Ez badago gu ordezkatzen gaituen inor, izan gaitezen geure buruaren ordezkari; aurkez gaitezen hauteskunde primario irekietan, har dezagun parte elkarlaneko hauteskunde-programetan, eta eska diezazkiegun azalpenak gu ordezkatzeko hautatu ditugunei”. Gaur, sei urteko ibilbidea egin ostean, hainbat koalizioren bitartez, EQUO Euskadik badu erakundeetan ordezkarien talde txiki bezain handi bat, eta talde horrek hainbat erronkari egin behar dio aurre.

  • 1.- Gobernatzeko beste modu bat lortu nahi badugu, ezin diogu egiari uko egin, gertaerak hor daudelako eta arrazoia gure alde dagoela adierazten dutelako: krisialdi multisistemikoaren garaian bizi gara (finantzen, gizartearen, energiaren, balioen, ingurumenaren… arloetan dago krisia) eta iraganeko konponbideak jada ez dira eraginkorrak.  Pedagogiaren garaia iritsi da; krisialdiaren arrazoiak zeintzuk diren azaltzeko garaia, eta arazoei erantzunak proposatzeko garaia.
  • 2.- Herritarrek konfiantza behar dute, zeren asmo handiko adierazpenek ez baitute inolako esanahirik liderrek ez badituzte abiarazten. Eta Gobernantza hitza gero eta indar handiagoa hartzen ari den arren –Estatuaren esku-hartzeari dagokion eraginkortasunaren, kalitatearen eta onbidearen sinonimotzat jotzen baita–, aurpegia soilik garbitzea ez da aski. Politikaren kontzeptuari berari zentzua emateko garaia iritsi da, hasiera-hasieran zuen zentzu hori berreskuratzeko garaia, gizakiak gizarte-bizitza antolatzeko duen premia eratu ahal izateko tokia den aldetik.
  • 3.- Herritarrek erakundeetako politikarekiko atxikimendurik ez izatearen ikuspegi horri aurre egin nahi badiogu, gardentasuna ez dugu hartu behar erakundeetako gure ordezkariengandik gizarterako informazio-fluxu soiltzat. Ordezkarien eta herritarren arteko elkarrizketa iraunkorrari ekiteko unea iritsi da, ezinbesteko tresna baita herritarren benetako arazoak konponduko dituzten ekimenak diseinatu eta aplikatzeko. Gure proposamenak jakinarazi behar dizkiegu gizarte-mugimenduei, elkarteei eta herritarrei, oro har, haiek guri erantzun ahal izateko, haien iritzia jasotzeko eta, zergatik ez, baita haien kritikak jasotzeko ere; orduan izango dugu aukera benetako gobernantzaren bideari ekiteko: etorkizunean ordezkaritza zabalagoa eta gizarte partizipatiboagoa lortzeko bideari.

Gardentasuna gure ordezkarien errutinetan eta prozeduretan txertatzea prozesu bat izango da, eta zalantzarik gabe, emaitzak emango ditu epe ertain eta luzean, baina epe motzean kostuak izango ditu, eta denbora beharko du. Erakunde batean egindako edozein aldaketaren kasuan bezalaxe, pazientzia eta trebetasuna izan beharko ditugu lortu nahi ditugun emaitzak lortzeko bidean eta errutina berriak errotzeko garaian. Dena den, ahaleginak merezi izango du: erakunde gardenago bat erakunde eraginkorragoa da, harberagoa, eta gizartearekiko gertuago dagoena.

Bidea hasi baino ez dugu egin, politikaren eta erakundeen arloko krisialdiaren testuinguru konplexu batean hasi ere, eta EQUO Euskadiko ordezkariek testuinguru horretan ekin beharko diote bideari; batzuetan aurrera egingo dute, eta beste batzuetan atzera, baina produzitzeko eta kontsumitzeko moduei, gizarte-harremanei, erabakiak hartzeko moduari eta naturarekiko harremanei dagokienez gizarte jasangarriagoa eratzeko prozesuaren abiapuntua da hau.

[gview file=”http://euskadi.partidoequo.es/wp-content/uploads/2017/06/resolución3-eus-.pdf”]