Ingurumenaren Nazioarteko Egunean, EQUO Euskadik ingurumena gehiago babestuko duen legeria eskatu du. Alderdi berdeak dio kalteberatasun bereziko egoeran dauden espazioak gehiago kontrolatu behar direla eta ingurumen-delituei aurre egiteko neurri judizial bigunak aldatu egin behar direla. EQUO Euskadik ingurunea babestea, leheneratzea eta kontserbatzea bermatuko duten politika integralei bultzada ematea eskatu du.
“Horrek guztiak herritarren bizi-kalitatean eragiten du. Energia-eredu garbi eta berriztagarria lantzeak, airearen eta uraren kalitatea zaintzeak zuzenean eragiten du jendearen osasunean”, nabarmendu du alderdiaren Euskadiko ko-bozeramaile Erika Martínezek.
Ingurumenaren Nazioarteko Egunean, EQUOk hondakinak birziklatzearen, berrerabiltzearen eta murriztearen alde egiten duela gogorarazi du, eta ez Euskadin ezarrita dagoen erraustegien ereduaren alde, askoz ere garestiagoa delako eta zabortegiei ere eutsi egiten dielako; ekonomia zirkularraren alde ere egiten du; nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza jasangarriak sustatzearen alde; lurraldea eraldatzeko eta azpiegiturak garatzeko eredu jakin baten alde. Hain zuzen ere, ingurunea errespetatuko duen eta gizartearen benetako premiei erantzungo dien ereduaren alde, inpaktu larriak eragingo dituzten makroproiektu handien –AHTa, esaterako– alde egin beharrean.
“Ingurumena zaindu eta babesteari buruzko sentsibilizazioan eta kontzientziazioan aurrera egin dugu, baina horrek guztiak politika integralak ekarri behar ditu. Eusko Jaurlaritza harro-harro dabil kapital naturala zaintzeko helburu estrategikoak eta lehentasunezko jardunak aurkezten, baina aldi berean, energia fosilak eta zikinak arakatzeko proiektuei ere dirua ematen die. Erabateko kontraesana eta denbora galtzea da hori” esan du alderdi berdearen Euskadiko kobozeramaile Ramón Sánchezek.
Ingurumenaren Nazioarteko Egunean, gainera, EQUOk 6 urte bete ditu 2011. urteko ekainaren 5ean sortu eta aurkezpen publikoa egin zuenetik. Denbora honetan guztian, alderdi berdeak erakundeetan ordezkariak izatea lortu du, maila guztietan, bat-egiteen alde egiten duelako, eta ekologia politikoa praktikan jartzen ere hasi da, politika bidezkoago eta jasangarriagoen bitartez.