Asteazkenean bi urte beteko dira EQUO Euskadi, 2015eko udal-hauteskundeetan, erakundeetara iritsi zenez geroztik. Urteurrena ospatzeko, ‘Bi urte berdean’ kanpaina aurkeztuko dugu, maiatzaren 24ko hauteskundeen ondoko bat-egiteen prozesuen balantzea egiteko, eta gure Kargu Berdeen Sarearen lana eta udalerri eta hirietan egiten dituzten ekimen politikoak nabarmentzeko.
Maiatzaren 24ko hauteskundeen ondoren, EQUO Euskadik Euskadiko 10 udalerritan lortu zuen ordezkaritza, beste alderdi batzuekin koalizioan. Estatuan guztira 122 hautetsi dira maila guztietan, inoiz ez bezalako ordezkaritza Espainiako ekologismo politikoaren historian, eta esan gabe doa hori bitarteko boteretsua dela alderdi berdearen proposamen politikoak aurrera eraman ahal izateko.
Bi urte horietan askotariko gaiei ekin diegu, betiere hiri osasuntsu eta jasangarriak eraikitzeko helburuarekin, non pertsona guztien eskubideak ziurtatuta egongo diren: energia garbia eta berriztagarria bultzatzeko proiektuak, energia-pobreziari aurre egiteko proiektuak, gutxiago kutsatzen duen mugikortasun jasangarria lortzeko proiektuak, eta abar.
Zinegotziek auditoriak eta ikerketa-batzordeen eraketa ere bultzatu dute, baita kontratazioetan klausula arduratsuak biltzea bultzatu ere, erakunde garbiagoak eta demokratikoagoak edukitzen lagun dezaten. Animalien ongizatea eta babesa bermatzeko lanean ere murgildu gara, eta zenbait ekimen jarri ditugu abian ildo horretan, hala nola animalia-zirkuak debekatzea, tauromakiarentzako diru-laguntzak deuseztatzea, zero sakrifizioa, babeslekuentzako baliabide gehiago jartzea, katu-koloniak kudeatzeko boluntarioak prestatzea, eta abar.
Kargu berdeak arduratu dira, halaber, irisgarritasuna hobetzeaz edo eskola-bideak planifikatzeaz, baita aniztasunari buruzko mozioak aurkezteaz edo indarkeria matxistaren eta indarkeria LGTBIfobikoaren aurkako protokoloak egiteaz ere.
Lokaletik jardunez helburu globalak lortzeko egindako lana ere azpimarratzekoa da, eta babes-hiriak izateko ekimenak edo TTIP edo CETA hitzarmenetatik aparteko udalerrien deklarazioa ditugu horren adierazgarri.
Azkenik nabarmentzekoa da alderdi berdeak bat-egite eta koalizioen esparruan lankidetzan egindako lana, baita gizarte zibilarekin eta herritarrekin, hainbat topaketa eta bileraren bitartez, etengabe izan duen harremana ere.