EQUO Euskadik kobozeramaileak berrituko ditu euskal berdeen II. Batzar Nagusian, maiatzaren 20an

  • Alderdiak ordezkari berriak aurkeztuko dizkio Iñigo Urkullu lehendakariari, datorren astean Lehendakaritzan hitzartuta duten entzunaldian

EQUO Euskadik II. Batzar Nagusia egingo du datorren larunbatean, maiatzaren 20an, Barakaldoko BIC Ezkerraldean; batzarraren helburua Euskadi Koordinazio Mahaia berritzea da, baita dokumentuak eguneratzea ere, hau da, euskal berdeek datozen bi urteotan egingo duten ibilbidea zehaztuko duten dokumentu politikoak eta antolamenduari buruzko dokumentuak.

EQUOk hauteskunde primarioen bitartez hautatzen ditu barne-kargu guztiak, 2011. urtean sortu zenetik. Kasu honetan, kobozeramailetza paritariorako bi lagun hautatzeko eta Euskadiko Koordinazio Mahaia osatzen duten 8 lagunak berritzeko prozesua burutuko dute; azken kasu horretan, lurralde bakoitzeko lagun 1, gutxienez, egongo dela bermatuko dute. Orain arte, José Ramón Becerra legebiltzarkidea eta Leire de Diego ziren Euskadiko kobozeramaileak, baina bi urtez karguan egon ostean, etapa horri agur esango diote. Postu horiek berritzeko bozketak maiatzaren 15etik, astelehenetik, egongo dira zabalik maiatzaren 19ra bitarte, ostirala, eta larunbatean jakinaraziko zaie emaitza militanteei, Barakaldon izango den Batzar Nagusian.

Horren ondoren, Batzar Nagusia izan eta hurrengo astean, Iñigo Urkullu lehendakariak entzunaldi publikoan hartuko ditu euskal berdeen kobozeramaile berriak; Lehendakaritzak berretsi du, dagoeneko, ekitaldi hori. Halaber, alderdiak diseinatutako Esparru Politiko Berriaren dokumentua jakinarazi eta emango diote Iñigo Urkulluri.

Batzarrean giro lasaia eta informala izango da nagusi; izan ere, programan bi solasaldi aurreikusi dituzte: lehenengoa “Activismo climático y compromiso político/Aktibismo klimatikoa eta konpromiso politikoa” izango da, eta Joan Groizard jauna (Balearretako Govern-eko Energia eta Klima Aldaketaren zuzendaria) gonbidatu berezia izateaz gain, Juantxo López de Uraldek (EQUOko kobozeramaile federalak) eta Edurne Barandak (EQUO Euskadiko Ekintza Politikoaren arduradunak) ere parte hartuko dute.

Bigarren elkarrizketa irekia “Un proyecto político para el siglo XXI/XXI. menderako proiektu politikoa” izango da, eta honako hauek izango dira gonbidatuak: Gaël Brustier (politologo frantsesa) eta Dirk Van den Bosch (Holandako Alderdi Berdea) eta EQUOko kobozeramaile federal Rosa Martínez.

Alderdi ekologistak indartuta eta oso motibatuta ekin dio etapa berri honi, Euskadiko azken hauteskundeetan bat-egiteen bitartez erakundeetan ordezkariak izatea lortu duelako. Presentzia hori dela-eta, ekologia politikoaren proposamenak Eusko Legebiltzarrera eta euskal udaletara helaraz ditzake, eta ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren arloetako jasangarritasunaren aldeko apostu irmo eta erreferenteari eusteko aukera du. “Hainbat mailatan lan egiteko aukera ematen digu beste ekonomia baterako trantsizioan aurrera egitearren; hain zuzen ere, emisio gutxi, energia garbiak eta enplegu berdea sustatuko dituen eta balantze hirukoitzeko –hau da, ekonomiaren, gizartearne eta ingurumenaren arlokoa– enpresei laguntzeko ekonomia batera. Lorpen txiki oro urrats handia da guretzat. Tokikotik abiatuta globaltasunera, eraldaketa jasangarriak eragin positiboa du herritar guztiengan eta hainbat eremutan”, adierazi du alderdiaren egungo kobozeramaile eta legebiltzarkide José Ramón Becerra jaunak.