EQUO Euskadiren bozeramaileak ETAren Baionako armagabetze-ekitaldian izango dira

EQUO Euskadik Leire de Diego eta José Ramón Becerra –Elkarrekin Podemos alderdiko legebiltzarkidea berau– bere bozeramaileak bidaliko ditu Baionan larunbat honetarako (hilak 8) aurreikusitako armagabetze-ekitaldira, eta bertan izango dira, halaber, Frantziako Alderdi Berdeko ordezkariak ere.

Alderdi ekologistak gertakari horien lekuko izan nahi du hurbil-hurbiletik egiaztatzeko talde terroristaren benetako borondatea euskal gizartearen eskaera bateratuari erantzutea dela, hau da, armak behin betirako eta behingoagatik entrega ditzala.

Bertan egonda, EQUOk agerian utzi nahi du bere nahia eta konpromiso irmoa beste eragile batzuekin eta gizarte zibilarekin batera bakearen eta bizikidetzaren normalizazioaren bidean aurrera egiteko, elkarrizketa ahalbidetuta betiere zalantzan jarri ezin diren premisa jakin batzuen pean, hau da, giza eskubideen errespetua, eta biktimen duintasuna eta eragindako kaltearen aitorpena.

Era berean, EQUOk gogorarazi nahi du egun horretan ez dela izango ospakizunetarako tarterik, eta talde armatuari bere betebeharra berehala, luzamendutan ibili gabe, betetzeko eskatu behar zaiola soilik: behin betirako desegin dadila eta bere arma guztiak entrega ditzala, eta alde bakarretik egin dezala hori, modu atzeraezinean eta inolako ordainik gabe.

Horrekin batera, EQUO Euskadik erakutsi nahi du Baionan larunbatean (hilak 8) egotearekin konfiantza-marjina ematen diela ekitaldirako deialdia egin dutenei, eta espero du ETAk beste behin ere konfiantza eta itxaropen hori ez zapuztea, euskal gizarte osoarena baita.

EQUOrentzat, fase berri baten hasiera izango da mugarri hori, indarkeria desagertzearen azken prozesu ordenatuaren barruan, eta horrekin batera eragindako kaltea aitortu behar da eta presoak euskal espetxeetara hurbildu behar dira. EQUO Euskadik berriro esaten du espetxe-politika aldatzea bezain ezinbestekoa dela indarkeria erabili zutenek eta bide negargarri horretan lagundu zietenek autokritika egitea eta egindako kaltea erreparatzea.

Alderdi ekologistak bere erreklamazio hori azpimarratu nahi die Eusko Jaurlaritzari eta gobernu zentralari, baita nazioarteko erakundeei ere, ETAk iragarritako mugimenduaren egiaztapena beren gain har dezaten. Era berean, Espainiako eta Frantziako Gobernuei gogorarazten die prozesu hori errazteko betebehar politiko eta morala dutela, betiere Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.