EQUOk Jaurlaritzari leporatzen dio iritzi publikoa aldez aurretik Armentia 2 putzuaren alde jartzea

  • Alderdi ekologistak     Jaurlaritzaren saiakuntza hori kritikatu du, ezezaguna baita proiektu horrek izan dezakeen errentagarritasuna

SHESA, Sociedad de Hidrocarburos de Euskadi sozietatearen ordezkariak gaur goizean Eusko Legebiltzarrean izan dira Subijanako Armentia-2 putzuaren esplorazio-espedienteari buruzko azalpenak emateko, baina oposizioko taldeek galdetutako zalantza guztiak ez argitzeaz gain, SHESAko zuzendari tekniko Luis Muñoz hainbat kontraesanetan erori da bere diskurtsoan.

EQUOren ustez inkoherentzia horien arrazoia da Eusko Jaurlaritza etengabe ari dela egiten iritzi publikoa aldez aurretik errentagarritasun ezezaguna duen proiektu baten alde jartzeko ahalegina. Armentia 2 putzuaren koska ez da soilik gasa aurkitzea, baizik eta kantitate nahikoa izatea, lurpetik ateratzea errentagarria izan dadin. “Bere garaian, Armentia-2 proiektua komunikabideen aurrean ‘saltzeko’ asmoz, Eusko Jaurlaritzak adierazi zuen gas-produkzioa Armentia-1 putzuarena baino hogei aldiz handiagoa izango zela, baina orain diote ezin direla jakin emaitzak, zenbatespenak soilik jakin daitezkeela. Kontraesanean erortzen dira”, adierazi du Elkarrekin Podemos taldea osatzen duen EQUOko legebiltzarkide José Ramón Becerrak.

EQUOren ustez Eusko Jaurlaritzak proiektua iragarri zenetik gauzak nahasteko ahalegina egin du Armentia 2 gas-putzuari buruzko informazioari dagokionez.

Becerrak legebiltzarreko agerraldian hitz egin du, eta SHESAko arduradunei gardentasuna eta zorroztasun teknikoa eskatu die. Sozietate publikoak aurkeztu dituen datuek bere zenbatespenak besterik ez dituzte azaltzen, baina ezin da ziur jakin inbertsioak itzulkinik izango ote duen. “Ez dago justifikatuta inbertituko den dirua, bitartean beste energia-iturri batzuen, adibidez energia berriztagarrien bultzada eta garapenetik kentzen ari direlako”, adierazi du Becerrak.

Alderdi ekologistak Armentia-2 gas-putzuaren aurka duen jarrera berretsi du EQUOko legebiltzarkideak. “XXI. mendean sartuta gaudela, ez du merezi lurpean milaka metrotara gasik ote dagoen jakiteko dirua gastatzeak, are gehiago jakinik hemen, gainazalean, energia garbia eta merkea daukagula, beharrezko bultzada politikoa besterik behar ez duena”.