Igarotze Azkarreko Autobusa abian jartzearekin batera Gasteizko mugikortasunari buruzko azterlan bat egiteko eskatzen dugu

Elkarrekin Podemos taldea osatzen duen EQUOko legebiltzarkide José Ramón Becerrak Igarotze Azkarreko Autobusa –BRT– abian jartzearekin batera Gasteizko mugikortasunari buruzko azterlan xehatu bat egiteko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Becerraren ustez, azterlan hori beharrezkoa da zer premia eta lehentasun dauden jakiteko eta, era horretan, bikoiztasunak saihesteko.

Legebiltzarkide berdeak adierazi duenez, bere taldea bat dator Gasteizko Igarotze Azkarreko Autobusaren (BRT) proiektuarekin. Becerra eredu horren alde agertu da Ekonomiaren Garapeneko sailburuak BRTari buruz egindako agerpenean. Azpimarratu duenez, garraioa elektrifikatzeak klima-aldaketari aurre egiten laguntzen du eta, “ildo horretan, BRTa inbertsio bat da Gasteizentzat”.

Era berean, EQUOren ustez proiektuaren kudeaketak % 100ean publikoa izan behar duela eta TUVISA enpresak egin beharko lukeela helarazi du; “izan ere, BRTa lagungarria izan liteke enpresaren azpiegiturak eta, bide batez, hiriburuko garraio-sistema osoa modernizatzeko”.