EQUOk hainbat ekimen sustatuko ditu Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epaia bete dadin, Saharako herriaren eskubideak defendatuz

  • -Udalberriren barruko EQUOko zinegotzi Carmen Muñozek eta Irabazi Gasteizko Oscar Fernándezek mozio bana aurkeztuko dute Bilbon eta Gasteizen, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epaia bete dadin, Saharako herriaren giza eskubideak sustatzeko.
  • -EQUOk udal-ekimen horiek beste erakunde batzuetara zabaldu nahi ditu, ebazpen horri bultzada bat emateko, Saharako herriaren autodeterminazio-eskubidearen betetzea finkatu dezakeelako.

Udalberriren barruko EQUOko zinegotzi Carmen Muñozek eta Irabazi Gasteizko Oscar Fernándezek mozio bana aurkeztuko dute Bilbon eta Gasteizen, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epaia bete dadin, Saharako herriaren giza eskubideak sustatzeko.

Bi alderdiek EQUO/Primavera Europeako eurodiputatu Florent Marcellesiren bisita hartu dute. Astelehenean (hilaren 20an) Udalberriko zinegotziekin eta Mundu Bat eta Disabiko ordezkariekin bildu da Bilboko Udaletxean. Asteartean (hilaren 21ean), Eusko Legebiltzarreko “Bakea eta Askatasuna Mendebaldeko Saharan” taldearekin elkartu ondoren, bilera bat egin du Gasteizko Udaletxean Irabazi-Gasteizen barruko EQUOko zinegotzi Oscar Fernándezekin, Frente Polisarioaren Euskadiko ordezkari Lih Beirukekin eta Arabako SEADen Lagunen Elkarteko kideekin.

Eurodiputatuak adierazi die Saharako herriaren defentsan estrategia aldatzearen alde dagoela, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren (EBJA) epaia aprobetxatuz. Auzitegi horrek abenduan adierazi zuen 28 Estatuek Marokorekin duten merkataritza-akordioa inoiz ez dela aplikagarria izan Mendebaldeko Saharan, eskualde hori ez dagoelako alauitar erresumaren lurraldearen barruan.

Ebazpen horrek, Marcellesik dioenez, Saharako herriaren autodeterminazio- eskubidearekiko errespetua finkatu dezake, lortu baitu 40 urtetan lehen aldiz Europako Batzordeak onartzea mendebaldeko Sahara ez dela Marokoren parte.

Eurodiputatu berdeak aurkeztutako galdera parlamentario bati erantzunez, Klima Ekintza eta Energiako komisario Miguel Arias Cañetek, lurralde okupatuetatik datorren energia berriztagarri marokoarrari buruz hitz eginez, Mendebaldeko Sahararen izaera juridiko desberdina eta banandua onartu zuen. “Europar Batasunaren eta Marokoren arteko merkataritza- edo arrantza-akordio bakar bat ere Mendebaldeko Saharan aplikagarria ez dela adierazten duen epaia eraginkortasunez eta baldintzarik gabe praktikan jartzen dela ikusi nahi dugu”, adierazi du Marcellesik.

Marcellesik gogorarazi du epai hori nahitaez bete behar dutela Europako eta Estatuetako nahiz udaletako agintariek, eta epaia errespetatzeaz gain, agintarien betebeharra da herritarrei eta sare sozioekonomikoari haren berri ematea zuzen aplikatu ahal izateko.

EQUOko zinegotzi Carmen Muñozek eta Oscar Fernándezek horri lotutako mozioak aurkezteko konpromisoa hartu dute, eta EQUOk beste erakunde batzuetara zabaldu nahi ditu ekimen horiek, Marokorekin sinatutako merkataritza-akordioan Saharako merkantziak kanpoan utzi zituen epai hori bultzatzeko.