Euskadiko lurraldean gerta daitezkeen airearen kutsadura-gertakarien aurrean, EQUOk gertakari horietarako aurreikusita dauden jarduteko eta biztanleei jakinarazteko protokoloei buruzko informazioa eskatu du hainbat udaletan eta Eusko Legebiltzarrean.
Neurketa-estazio finko eta mugikorrez osatutako kontrol-sare baten bitartez, aireko substantzia kutsatzaile jakin batzuen mailak ebaluatzen dira Euskadin, elementu kaltegarri horiekiko esposizioaren ondorioz pertsonen osasunerako sor daitezkeen afektazioak prebenitzeko xedez.
Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sarearen bitartez erregistratu diren datuekin Ekologistak Martxan elkarteak egin dituen txostenen arabera, Euskadik kutsadura-foku jakin batzuk ditu Nerbioi Beherean, industria-poligonoetan, erkidegoan barrena banatuta dauden energia-zentraletan eta, batez ere ibilgailuen zirkulazioaren ondorioz, Bilbo, Donostia eta Gasteizko inguruetan. Ezarrita dauden legezko muga-balioak gainditzen ez badira ere, kutsadura horren ondorioz euskal biztanle guztiek Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioen arabera osasunerako kaltegarria den airea arnasten dute eta lurraldearen erdia landareei kalte egiten dieten mailen esposiziopean dago.
EQUOren ustez airearen kalitateak okerrera egin dezake adierazi diren fokuetan, duela gutxi Madrilgo edo Gijongo inguruetan gertatu den bezala.
Horregatik, Irabazi Gasteiz, Irabazi Donostia eta Irabazi Barakaldoko zinegotzi berde Oscar Fernández, Loïc Alejandro eta Ramón Sánchezek, baita Udalberriko zinegotzi Carmen Muñozek ere, Gasteiz, Donostia, Barakaldo eta Bilboko udaletan jardun- eta komunikazio-protokoloei buruzko galderak erregistratu dituzte. “Bilboko herritarrei arnasten duten airearen kalitateari buruzko informazio eguneratuaren berri emateko zein metodo eta kanal erabiltzen diren azal dezaten nahi dugu”, adierazi du Carmen Muñozek, eta Bilboko Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotzi Alfonso Gilen agerraldi urgentea eskatu du.
Elkarrekin Podemosen dagoen EQUOko Euskadiko Legebiltzarkide José Ramón Becerrak Eusko Legebiltzarrean Ingurumen sailburuarentzat erregistratutako galdera eta interpelazioak erreferentzia egiten die Eusko Jaurlaritzak udalei alerta bidaltzeko dauzkan protokoloei eta haien funtzionamenduari. Legerian ezarritako balioak gaindituz gero Osasun Sailari abisatzeko protokolo espezifikoari ere egiten dio erreferentzia. “Era berean garrantzitsua da Ingurumen Sailak biztanleria-dentsitate handiko udalerrietan neurketa-kabinak ipintzeko erabiltzen dituen irizpideak ezagutzea . Erregistratutako balioak estazioen kokalekuaren arabera desberdinak dira”, azpimarratu du Becerrak.
Legebiltzarkide berdeak Petronor eta Glefaran enpresen inguruneko aire kutsadurari buruzko arazoetaz galdera zehatzak egingo dizkio datorren astelehenean ingurumen sailburuari