Argi dago 2013 urte bukaeran egindako elektrizitate-sektorearen erreformak energia kostua igo egin duela. Horrek eragin nabarmena izan du, enpresetan zein familietan. Zentzu honetan, Eusko Jaurlaritzak behin eta berriro salatu du kostuen igoerak enpresen lehiakortasunean duen kalte larria.
2014 urte bukaeran EAJ akordio batera iritsi zen Estatuko Gobernuarekin, euskal enpresei elektrizitatearen kostuak jaisteko. Akordioa Euskadin bezero industrialak direnei bakarrik aplikatzeko tentsio elektrikoko tarte berri bat sortzean datza, sarerako bidesarietan 30 milioi aurrezteko aukera emango diena. Horretaz aparte, hilabete honetan Eusko Jaurlaritzak beste eskaera sorta bat helarazi dio Estatuko Gobernuari, helburu berberarekin. Proposaturiko neurrien artean, egungo etete-sistemaren berregituratzea, behin-behineko zerga-salbuespenak ezartzea edo argi-indarraren ordainagirian barneratuta dauden aparteko koste sozialak eta penintsulatik kanpokoak Estatuko Aurrekontu Orokorretatik ordaintzea.
EQUO Euskadik Eusko Jaurlaritzaren azpijoko hauei uko egiten die, ez doazelako arazoaren muinera eta ez dituztelako konponbide egokiak aurkitu nahi. Oraingo eta lehengo neurriek azken ondorio bera daukate: enpresen kostuak herritarrei aldaraztea. Zerga-salbuespenek bildutako dirua gutxituko dute, hau beste zerga batzuekin berdindu beharko delarik. Gainera, enpresek ordaintzen ez dituzten sarbiderako bidesariak beste erabiltzaile guztiek ordaindu beharko dituzte. Azkenik enpresek ordaindu beharko lituzketen aparteko kostuak aurrekontuetara bideratzeak, beste arlo batzuetan murrizketak ekarriko ditu. EQUO Euskadik uste du onartezina dela pobrezia energetikoa pairatzen duten herritarrok argi-indarraren ordainagirian igoera gehiago jasan beharko dezatela, herriko enpresa handien lehiakortasuna babesteko aitzakiarekin.
Eusko Jaurlaritzaren jokaerak industriarako energiaren kostua artifizialki merketzea du helburu. EQUO Euskadik, berriz, egungo eredu energetikoren birmoldaketa defendatzen du, autokontsumoaren bitartez eta deszentralizaturiko energia berriztagarria erabiliz, kostuak benetan jaisteko asmoz. Enpresa handiek, gehienetan, bere elektrizitatea sortzeko aukera badute, adibidez eguzki-instalazioak erabiliz, euren faktura enegetikoa nabarmen merketu ahal izateko. EQUO Euskadiren iritziz, Eusko Jaurlaritzaren zereginak lirateke inbertsio mota hauetan laguntzak ematea, edo Estatuko Gobernuarekin negoziatzea, autokontsumorako oztopoak ezabatzeko. Honela, ez lieke mesede bakarrik enpresa handiei egingo, gizarte osoari orokorrean ere bai. Garbi dago gure industriarentzat kostu energetiko handiak kaltegarriak direla oso, baina konponbidea ezin da herritarrak gaitz honekin zigortzea ere.