EQUO Euskadik espero du Udal-Lege berria udalerriak indartzeko baliagarri izango dela

Pasa den astean Euskal Udal-Legearen izapidetza hasi zen Eusko Legebiltzarrean. Lege horren helburuak dira, alde batetik, udalen konpetentzia batzuk blindatzea eta, bestetik, gainontzeko euskal instituzioekin berdintasuna lortzea, gobernu-maila guztietan hartzen diren erabakietan udalerriek ahotsa eta botoa ere izan dezaten. Udal- Legea lurraldeko instituzioen antolamenduaren oinarrizko erreminta da, eta orain arte Euskadik izan duen gabezia nabarietariko bat, hau bezalako legerik ez duen autonomi erkidego bakarra delako.

EQUO Euskadik goraipatzen du legearen tramitazioa hasi izana. Udalerriak dira pertsonen ongizatea bermatzen duten politikak lantzeko baliabide funtsezkoenak, herritarren gertuen dagoen instituzioak baitira. Horrengatik, EQUOren ustez Lege honek udalerriei konpetentzia zabalak bermatu behar dizkie hainbat arlotan, ekonomian, gizartean, kulturan, energian edo hirigintzan, besteak beste. Udal-erabakietan herritarron parte hartzea bultzatzeko ere balio behar du, hau da, herri kontsultak, lege-ekimenak, aurrekontu partizipatiboak edo parte hartzeko beste edozein tresnen bidez.

EQUOk, hala ere, uste du lege hau motz gelditu dela alde batzuetan. Lehena, eta  garrantzitsuena, Udalerriek finantzatzeko duten gaitasuna. Legeak udal-instituzioak Euskal Finantza-Kontseiluaren barne izatera aurreikusi duen arren, ezinbestekoa da bermatzea udalerriek behar duten finantziazioa nola egingo den. Udal-konpetentziak blindatuta egon arren, hauek aurrera eramateko baliabide nahikorik ez badago, alferrik izango da.

Bigarrenez, EQUOk Udal-Politika Publikoen Euskal Kontseiluaren aldeko apustu ausarta eskatzen du, erakunde berri hori kontsultarako besterik ez baita aurreikusi. Erabakitzeko gaitasuna eduki behar du, udal-administrazioen interesen alde egin dezan, bai autonomia-mailan, bai foru-mailan.

Azkenik EQUO Euskadik alderdi politiko eta instituzio guztiei eskatzen die, eztabaida eta adostasunaren bidez, esparru juridikoa eraiki dezatela Udalerri indartsuagoak, zabalagoak, gardenagoak eta parte-hartzearen aldekoagoak bultzatzeko, politika publikoak diseinatzeko kapazak, azken finean herritarron bizitza hobetzeko asmoz.