EQUO Euskadik bere kezka azaltzen du ETAko presoen abokatuen atxiloketengatik eta PPko gobernuaren portaera arduragabeagatik

EQUO Euskadik bere kezka azaltzen du atzo Guardia Zibilak ETAko presoen abokatuak atxilotzeko aurrera eramandako operazioagatik. Batetik presoek euren defentsarako abokatuak aukeratzeko daukaten eskubidea urratzen zaielako eta bestetik abokatuei euren lana burutzeko daukaten eskubidea ere.

EQUO Euskadik onartzen du sistema judizialak delitu penalak saiezteko funtzioa eduki behar duela. Hala ere, azken urte hauetan “ETAko ingurua”-ren kontra eraman diren operazioek garbi erakutsi dute askotan akusazio hauek daukaten seriotasun falta, askotan poliziek eginiko zalantza askoko informetan oinarrituak. Audientzia Nazionaleko epaile batzuk daukaten jokabidearekin garbi erakutsi dute gaur egun daukagun sistema judizialak seriotasun falta izugarria duela eta aldi berean interes politikoen esku dagoela.

EQUO Euskadik atxiloketa hauek froga garbien gainean egindakoak direla sinestu nahi du. Baina ikusita larunbat honetan Tantaz Tanta manifestaldirako deialdia eginda dagoela eta Barne Ministerioak operazioa burutu aurretik komunikatua argitaratu zuela, esan beharra daukagu Gobernuak beste behin argi erakutsi duela epaileak bere estrategia politiko eta mediatikorako erabiltzen dituela.

Hau ikusita, EQUO Euskadi PPko gobernuak sumina sortze aldera erakutsi duen jokabide arduragabeaz kexatzen da, ondorioz ezker abertzalearen biktimismoa indartu duelarik. Gobernuak geroz eta garbiago erakusten digu Euskadin bake eszenatoki berri bati zabaltzea baino, hauteskunde etekinak lortzeko betiko eszenatokira bueltatzea dela bere asmoa.

Azkenik, EQUO Euskadik Tantaz Tanta manifestaldia ilegalizatzeko dagoen mehatsua salatzen du. EQUO Euskadi desadostasun desberdinengatik ez da martxa honetara joango, baina talde honek duen manifestatzeko eskubidea errespetatu behar dela azpimarratu nahi du, eta honekin garbi dauka ez dela inola ere terrorismoa gorestuko, ezta ere biktimen eskubideak saminduko.