Ideala babesteko pertsona bat hiltzea,
ez da ideala babestea: pertsona bat hiltzea da.
Sebastián Castellio
Gaur egungo egoerak elkarbizitzarako aukera berriak irekitzen ditu. Gure gizartea azkenengo hamarkadetan helburu politikoekin eragindako bortxakeria gainditzen ari da, ehundaka biktimak eta giza eskubideen urraketak egon direlarik. Baina bakean eta askatasunean oinarritutako etorkizuna lortzeko, gizartea eratzen dugun eragileok (erakundeak, alderdi politikoak, eragile sozialak, hiritarrak) funtsezko oinarri batzuk errespetatu behar ditugu.
Testu hau sinatzen dugun erakundeek, amankomuneko lana bultzatu ostean, gertaturikoari buruzko kontaketa komuna eta etorkizunarako proposamenak hitzartu ditugu.
- BORTIZKERIAREN KONTRAKO EGIAZKO ETA AMANKOMUNEKO KONTAKIZUNA
Euskadi eta Nafarroan, beste gizarte batzuetan bezala, identitate, hizkuntz eta soberaniari buruzko ezberdintasunak izan dira, badaude eta egongo dira. Baina gure ustez iraganean, eta gaur egun ere aniztasun hori era baketsuan azaltzeko baldintzak daude. Gure elementu bereizgarria biolentzia izan da. Bidegabea, justifikaezina eta alferrikakoa bortizkeria, gatazka baten ondorio sahiestezina izan ez zena, baizik eta erabili zutenen nahita hartutako erabakia.
ETAren biktimeen %95-a Franco hil ostean izan ziren. Bere indarkeria pertsonen ogibidea, pentsatzeko era, edota militantzia politikoa zela eta zuzendu egin zuten. ETAren ibilbidean militarismoa eta aniztasunaren kontrako jarrera nagusitu dira. Eta tamalgarria den bide horretan ezker abertzalearen partehartzea klabea izan da, hain zuzen ere “sufrimenduaren sozializazioa”-ren bitartez, esaterako jasarpen-indarkerian adierazita.
Transizioan eta demokraziaren lehenengo urtetan Estatu eta muturreko eskubiaren terrorismoa akzioa-errepresioa-akzioa logikan murgildu zen. GALaren azkenengo hilketa 1987ko uztailaren 24an izan zen, baina bi hamarkada baino gehiago igaro ostean, 65 hilketatik bakarrik 24 epaitu dira. Botere judizialak goi mailako erantzukinzun politikoa aitortu zuen Barne Ministerioaren kupula osoaren kondenarekin. Bestalde, poliziaren abusuen 94 biktima izan dira, orain dela gutxi aitortzen hasi izan direnak. Halaber tortura eta tratu txarren ikerketan izugarrizko utzikeria egon da, Estrasburgo auzitegia behin baino gehiago ebatzi duen bezala. Are gehiago delitu honengatik izan diren 62 kondenetatik 36 kasu indultatuak izan dira. Bortxakeri hauen existentziak berak, eta argitu gabeko kasuen kantitateak agerian usten dute “terrorismoaren kontra dena balio du” logika Zuzenbide Estatuaren printzipoen gainetik askotan inposatu zela.
Hori bai, Euskadi eta Nafarroan “ez da gerrarik egon”. Ez dugu ETA eta Estatuaren instituzioak parekatzen, eta pareko bi indarkeri egon direnik ez dugu uste. Terrorismoaren bitartez antidemokratikoki gizartean inposatu nahi izan den erakundea izan da; eta bestaldetik autogobernu zabaleko eta hiritarrak hautatutako instituzioak, bertuteak eta akatsak izanda ere, baina ezberdin pentsatzeagatik edota beste identitatea ordezkatzeagatik pertsonen kontrako hilketak eta bestelako jasarpenak eragotzi betebeharrarakin. Terrorismoaren kontrako borrokan egindako delituak eta abusuak ez dira independentismoaren kontrako persekuzioa izan, gaur egun Gipuzkoan Blidu-k duen botere haundia agerian usten duen bezala. Kontu honetan ez dago, eta ezin da anbiguotasunik egon.
- BIKTIMAK ETA JUSTIZIA
Asko kritikatu izan da demokraziarako bidea, justizia eta erreparazioaren zutabeetan oinarritu ez izana. Frankismoaren hilketak eta bidegabekerien argitaratze judiziala eskatzen genuen bezala, gaur biktima guztien justiziarako eskubidearengatik apustua egiten dugu. Ez dugu “ahazte“ partzialean oinarritua dagoen “amnistia“ baten bitartez inposaturiko “justizia trantsizionala“ onartzen. Eskubide penala, mendekuaren bertsio arautu bat bezala ulertzen duen “justizia zigortzailea“ ere kritikatzen dugu. Gure alternatiba, berriz, “justizia restauratiboa“ da (“Langraiz bidea” izenekoa), egindako minaren onarpenez elkarbizitza bereraikitzea eta birgizarteratzea errazten duena.
Erreparazioaren esparruan bi hutsune nabarmen ikusten ditugu: batetik, gehiegikeri polizialen eta torturekiko biktimen errekonozimendua, oraindik hasiberria dena, eta bestetik, mehatxatutako pertsonen kasuan, bizi ziren lekutik ihes egin behar izan zutena. Aldi berean, onartzen dugu egindako aurrerapausoak terrorismoaren biktimekiko (ETA, GAL, BVE), urte askotan ahaztuta eduki ondoren.
“Biktima“ arrazoirik gabeko sufrimendua jasan duen pertsona da. Bere aniztasunean, hori da eskubide berdinekiko merezidun egiten dien elementu komuna, naiz eta esanahi desberdina eduki poliziak hiltzea, terrorismoa leporatzen zaien pertsoneei torturatzea edo ideologi desberdineko zinegotziak jasartzea. Baina jakinaren gainean jarri beharra dago “nahaste eta manipulazio“ estrategiek, nahasten dituztenek arrazoi gabeko mina jasan duten biktima errugabeak eta beste maila ezberdineko sufrimenduak (bonba bat jartzen zihardutela hildako ETAko kideak, esaterako). Aparteko aipamena merezi dute “biktima eta biktimatzaile“-en kasuak. “Egia, justizia eta erreparazioa“-k ez du eskatzen omentzea giza eskubideak urratu zaizkien pertsonak eta aldi berean egileak izan zirenak. Honela defendatu genuen Melitón Manzanas-i domina jartzearen kontra, eta honela planteatu genuen ETAko partaide-biktimen kasuan. Azkenik, Ikur-abibide bezala kasu batzuk nabarmendu nahi genituzke, Yoyes-ena, askatasunez praktikatutako disidentzia nola tratatu egin zen adierazlea, eta “biktima antifrankistak“, lehenik diktaduraren errepresaliatuak eta ondoren ETAren biktimak izan zirenak (Lopez De Lacalle, Recalde, Jauregui…).
- PRESOAK, GIZA ESKUBIDEAK ETA BIRGIZARTERATZEA
Birgizarteratzera zuzendutako espetxe politika baten markoan, Giza Eskubideen defendatzaile leialak gara, izan ere, sistema demokratiko batean preso dagoen pertsona orori bermatu behar baitzaizkio, horrek izanen dituen berehalako eragin guztiekin presoen hurbilpenean, gaixotasun larri edo sendaezinak dituzten presoen kartzeletatik ateratzean eta legeria diskriminaziorik gabe aplikatzean (3. gradua, baimenak, Parot dotrina gaitzestea…)
Urte askotan zehar, terrorismoaren fenomenoaren aurrean, salbuespeneko legeria garatu dute, benetako Etsaiaren Aurkako Zuzenbide Penala, eta oinarrizko askatasunen eta bermeen murrizketa eragin. Ilegalizazioak izan dira horren adierazle nagusi. Badakigu ETAk eta ezker abertzaleak indarkeria eta jardun politiko zilegia nahasi dituztela (“Bietan jarrai”) Segiko militanteen eta kale borrokaren kasuan, esate baterako. Baina erantzun demokratikoa eman ahal izateko, norbanakoen inputazioak eta pisuzko frogak dira beharrezkoak eta inola ere ez daiteke onartu erakunde politiko bateko kide izateak, berez, espetxea edo eskubide zibilen galera ekartzea.
Nolanahi ere, espetxe arloan Giza Eskubideak defendatzeak ez du inolako zer ikusirik, zenbait ingurutan ETAko presoen taldeari eskaintzen dioten “heroi-martiri” trataerarekin. Frankismoaren apologia gaitzesten dugun era berean, herrietako plazetan egindako omenaldien bidez, preso horien ibilbidea legitimotzat hartzea biktimen senitartekoentzako oinazea handitzea eta nolabaiteko iraina dela iruditzen zaigu, gure jendarteen elkarbizitzarako eredu kaxkarra izateaz gain. Ezker abertzaleak elkarbizitzari egin beharreko benetako ekarpenak kontrako bidea egin behar luke, Langraizeko preso disidenteen jokabidea lekuko. Eta egindako kaltea aitortzea (ez bakarrik izan dela, besterik gabe, baizik eta bidegabea eta alferrikakoa izan dela onartzea) funtsezko elementua izanen da elkarrekin adiskidetzeko, eta gainera, kartzela politika eta birgizarteratze prozesuak biguntzen lagunduko luke.
- MEMORIA DEMOKRATIKOA
Etorkizunari aurre egitea hemen gertatutakoa gogoratzen justua eta gure bortizkeriaren historia ez errepikatzeko garrantzizko ekarpena da. Ahaztea, ukatzea ala memoria partzialen nahasketaren arriskuak ekiditzeko biktimeen zuzenezko testigantzek pedagogia demokratikorako duten potentzialan sinisten dugu. Gure artean bultzatu egin zen indarkeriaren deslegitimazioa, bere ondorioak azalduz, izango litzateke asmoa, eta ez Giza Esbudibe bortxaketa batzuk beste batzuetan justifikatzea.
Era berean, bizi izan dugun historia tragikoan Giza Eskubideak eta printzipio demokratikoen defentsa koherentea egin zutenen goraipamena memoria demokratikorako funtsezko oinarria da. Giza mugimendu bakezaletik hasita, torturaren kontra borrokatu eta gerra zikinari mozorroa kendu zioten epaile, auzitegiko mediku eta poliziak barne, esaterako Jose Maria Lidón (Linaza kasua) edo Jesus García (Lasa eta Zabala kasua).
- BIZIKIDETASUNA ETA ANIZTASUNA
Urte askotan indarkeria justifikatu dituzten oinarri ideologikoak dugun aniztasunaren inguruko ikusmolde sektario eta baztertzailea izan dira. Horrek bestea kolono, traidore, zapaltzaile, terroristazale, zipaiotzat hartzera bultzatu du, gizartean beldurra sortuz eta irritaren adierzapen askea murriztuz. Elkarbizitzaren alde gaude, identitateak aurrez aurre ez jartzearen alde. Hala ere, Euskal Herrian, euskararen lurraldean, sinboloak eta hizkuntzak gehiengo edo gutxiengoaren arabera neurtzeko kana bikoitzarekin arautzen direla ikusten dugu, bai abertzalismoaren aldetik bai konstituzionalismoaren aldetik. Aberri edo hizkuntz sentimendu ezberdinak errespetatuz bizi nahi dugu, denon kultura publikoa eraikitzeko eta herritarren artean elkarrekin hitzartua ohi den beren etorkizuna erabakitzeko eskubidearen alde.
Iruñea, 2013ko Urriaren 26a
Batzarre – EQUO Euskadi – Ezker Anitza-IU – EQUO Navarra-Nafarroa – IUN-NEB
ELKARBIZITZA PLURALISTA ETA MEMORIAN OINARRITUTAKO BAKERAKO PROPOSAMENAK
Bortizkeriari buruz:
Elkarbizitzaren birzorkuntzarako iragana ez estaltzea garrantzizko erronka da, indarkeria bidegabea eta alferrikakoa izan dela. Gaur egun ezker abertzaleak bortizkeriaren aldeko apustuari uko egin dio, aldaketa estratégico bat dela eta, baina biktimeei eragindako mina bidegabea, justifaezina eta alferrikakoa izan zela ez du onartzen.
Honetaz aparte Estatuaren ordezkariek segurtasun indarrek eragindako tortura eta tratu txarreei, eta talde parapolizialeen biolentziari ere emandako babesa aitortu beharra dute.
Biktimak eta justiziari buruz:
Bortizkeriak maila desberdineko giza eskubideen urraketa sortarazi du. Biktimek egiara, justiziara eta erreparazio moral, politiko eta legalera daukaten eskubidea defendatzen dugu. Hau da, oraindik argitu gabe dauden kasuak ikertu behar dira (hilketak, bahiketak, desagertzeak, torturak) eta, ahal izanez gero, epaitu. Ez dira ikertu gabeko krimenik egon behar.
Gainera justizia restauratiboa baten alde egiten dugu. Delitu hauek egin dituzten pertsonek, taldeek edo erakundeek aitzaki gabea, arrazoitu ezina eta alferrikakoa izan den mina onartu beharko zuten, bai gizartearen aurrean, bai euren biktimen aurrean, zehatz-mehatz.
Presoak, giza eskubideak eta birgizarteratzeari buruz:
Espetxe-politikak pertsonen eskubideak arduratsu babestu behar ditu. Beraz, ETA-kide presoen gerturatzea eskatzen dugu, gaitz sendaezinak daukaten presoak kartzelatik ateratzea, espetxe-abantailak aplikatzea inor bereiztu gabe ezartzea (baimenak, gradu-aurrerapenak, Parot doktrinaren amaiera…). Dena den, aldarrikapen horiek ez ditugu lotu behar aldi berean presoei egindako omenaldiekin, izuaz besteen giza-eskubideak larriz urratu dituztenei egindakoekin, estaerako. Paraleloki Administrazioak presoen birgizarteratze-prozesu banakoak garatu behar ditu.
Horretaz gain, era baketsuz garatutako aukera politikoei ziurtatu behar diegu antolatzeko eskubidea eta hauteskundeetara aurkezteko eskubidea. Esparru honetan salbuespen-legeek ezin dute dirau, batez ere oinarrizko askatasun politiko horri uko egiten badiete.
Memoria demokratikoari buruz:
Biktimeen testigantza zuzenak zabaldu egin behar dira memoria demokratikoaren oinarri bezala. Pairatutako bidegabezko sufrimendua gogoarazteko eta sekula ez berriro inork kalteak jasan ditzan motibazio politikozko kausak direla eta. Halaber Giza Eskubideen defentsa koherentean nabarmendu ziren pertsonak eta mugimenduak gogoratu egin behar dira. Memoria hau, giza mugimendueen bultzatutako elkarrizketa ekimenen bitartez eta hezkuntzari arreta berezia eskainiz, hedatu beharko zen.
Bizikidetza eta aniztasunari buruz:
Erronka nagusia da gizarte osoan gure aniztasuna errespetatuz bizikidetza eraikitzeko erantzukizuna hedatzea. Aniztasunaren ikuspegitik nazio sinbolo eta hizkuntzak arautzen dituzten adostasunen alde gaude,enfrentamendua bilatu gabe, denon kultura publikoa eraikitzeko eta herritarren artean elkarrekin hitzartua ohi den beren etorkizuna erabakitzeko eskubidearen alde.