Aldi politiko berri bat dugu aurretik, eta adierazpen politiko bat eginez ekin nahi diogu, Gasteizko Udala kudeatzean eta gure hirian harreman politiko eta sozialak bideratzean oinarri izango ditugun sei printzipioak ezartzeko.
Lehena: Sinatzen dugun udal talde politikook hitz ematen dugu Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalarekiko errespetua izango dela gure eguneroko lanaren inspirazioa, pertsona ororen ondarea baita, inolako bereizketarik gabe. Eta gure jarduera politikoan bereziki 1. artikulua betetzeko beharra azpimarratzen dugu: “Gizon-emakume guztiak aske jaiotzen dira, duintasun eta eskubide berberak dituztela; eta ezaguera eta kontzientzia dutenez gero, elkarren artean senide legez jokatu beharra dute”. Orobat, 29. artikuluaren 1. atala, zeinak hau baitio: “Pertsona orok ditu betebeharrak komunitatearekiko, bertan baino ezin baitu garatu askatasunez eta osotasunean haren nortasuna”. Izan ere, artikulu horiek pertsona guztiek gizarte honen kide gisa dituzten eskubideak eta betebeharrak jasotzen dituzte.
Bigarrena: Sinatzen dugun udal talde politikook erabateko konpromisoa adierazten dugu pertsona ororen askatasunaren eta berdintasunaren errespetu eta defentsarekin, gizarte moderno batean nagusi izan behar duten oinarrizko printzipio demokratikoak baitira. Askatasunik gabe ez da berdintasunik; berdintasunik gabe, ez da askatasunik. Horiek gabe, ez da demokraziarik. Askatasuna eta berdintasuna pertsona orok izan beharreko funtsezko eskubideak dira, sexua, arraza, nazionalitatea edo erlijioa dela eta bereizkeriarik egin gabe. Ildo horretatik, bereziki zainduko ditugu genero-berdintasunaren defentsa eta emakumeengana indarkeriaren kontrako borroka, eta gaur eguneko gaitz handienetako bat den horren kontra irmotasunez borrokatuko dugula hitz ematen dugu.
Hirugarrena: Sinatzen dugun udal talde politikook hitz ematen dugu alderdi politikoen, erakundeen eta Gasteizko gizarte zibilaren arteko lankidetza sustatuko dugula, helburu komuna lortzeko asmoz: gure udalerria eta bertako pertsona guztien bizitza hobetzea. Politika egiteko molde zaharrak gaitzesten ditugu, herritarrengandik eta gure beharrizanetatik aldenduta dauden horiek. Politika egiteko molde berri baten aldeko apustua egiten dugu, akordioa eta bestearekiko begirunea oinarritzat hartuz beti asmo konstruktiboz lan egin dezagun, gizartearen arazoak konpontzeko, eta ez arazoak sortzeko. Gure jardunaren erdigunean beti Gasteizko herritar guztien ongia bilatzea jarriko dugu.
Laugarrena: Sinatzen dugun udal talde politikook hitz ematen dugu gizarte kohesioa eta gasteiztar guztien arteko bizikidetza baketsua sustatuko ditugula. Izan ere, hiri kohesionatua hiri segurua da, hiri atsegina, hiri iraunkorra, ongizatea duen hiria. Horrekin lotuta, sinatzen dugun udal talde politikook erabat gaitzesten ditugu alderdikeria guztiz arduragabez gorrotoa, arrazakeria eta xenofobia sustatzen dituzten diskurtso politikoak. Hitz ematen dugu ez dugula immigrazioa edo immigranteekiko beldurra erabiliko hauteskunde arma gisa, edo eztabaida politikorako. Gertukoak integrazioa eta bizikidetza errazten duen espazio fisiko gisa duen garrantzia aitortzen dugu. Gasteizen gizarte inklusiboa, plurala, anitza eta modernoa eraikitzearen alde gaude. Immigrazioaren eta diru-sarrerak bermatzeko errentaren gaineko zurrumurruak desagerrarazten ahaleginduko gara, gizarte babeserako gure sistemaren oinarrizko zutabeetako bat baita errenta . Era berean, hitz ematen dugu ahaleginak batuko ditugula iruzurraren kontrako borrokan, iruzur fiskala edo soziala izan. Zero tolerantzia izango dugu iruzurrarekin eta bizikidetzari kalte egiten dioten diskurtsoekin. Izan ere, sistema publikoari edozein esparrutan iruzur egitea bezain zitala eta arbuiagarria da talde jakin bati sisteman sor daitezkeen abusuak, arazoak eta akatsak leporatzea, haien nazionalitatean oinarrituz.
Bosgarrena: Sinatzen dugun udal talde politikook udal jardueran gure hiriak eskatzen duen gardentasuna eta herritarren parte hartzea bultzatzearen aldeko apustua egiten dugu. Benetako gardentasun, partaidetza eta lankidetza politikek aurrera egin dezaten saiatuko gara, bizikidetza giro egonkorra, Gasteizko garapen ekonomiko eta sozialari lagunduko diona, lortzearren. Gasteiztarrei informazioa eskuratzeko eta parte hartzeko duten eskubideaz baliatzeko bidea zabalduko diegu, jardun publikoarekin inplikatu eta konprometitu daitezen. Herritarren konfiantza handituko dugu, gobernu onaren eta praktika eredugarrien aldeko konpromisoak gure gain hartuz, kontuak emateari, erabakietan parte hartzeari eta zerbitzu publikoen diseinu eta ebaluazioari dagokienez.
Seigarrena: Sinatzen dugun udal talde politikook jarrera argia adierazi nahi dugu gure ekosistemaren, gure nekazaritza eremuaren eta animalien eskubideen alde. Frackingaren eta Garoñaren kontrako jarrera adierazi nahi dugu. Hartara, mundu iraunkorragoa eta berdeagoa utziko diegu gure seme-alabei.
Vitoria-Gasteizen, 2015eko ekainaren 26an